Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Komien Errepublika

(Errus. Komi). Errusiako hamasei errepublika autonomoetako bat, Europako Errusiaren ipar-ekialdean, Ural mendialdearen eta Errusiako ipar-ekialdeko ordokien artean, Iparburuko zirkulutik harantz hedatzen dena. Mugak: iparraldean, Nenetsen Lurraldea, ekialdean, Ural mendiak, mendebalean, Nenetsen Lurraldea eta hegoaldean, Perm eta Kirov oblast edo herrialdeak. 415.900 km2 eta 1.200.000 biztanle. Komiek edo zirianoek (% 25), errusiarrek (% 57) eta ukrainarrek nahiz bielorrusiarrek (% 11) osatzen dute biztanleria. Hiriburua, Syktyvkar. Hiri nagusiak: Vorkuta, Ukhta eta Sosnogorsk. Petxora eta Vytxegda ibaiak igarotzen dira errepublikatik. Neguak hotzak dira eta udak freskoak.  v  Ekonomia. Mea ustiakuntzan (ikatz hobiak Vorkutako arroan; petrolio hobiak Petxorako arroan; gas hobiak), abere hazkuntzan (behi eta elurretako orein azienda), baso ustiakuntzan eta industrian (larrugintza, petrolio findegiak, eraikuntzarako gaiak, zurgintza, kimika industria, janari industria) oinarritzen da bertako ekonomia jarduera nagusia.  v  Historia. Errusiako printzerriaren mende gelditu zen Komien herria XIV. mendean; sobietarren gobernua ezarri zen bertan 1918. urtean. Boltxebikeak eta errusiar zuriak borrokatu ziren Komien lurraldea berenganatu nahirik (1919-1920). Urtebete geroago egin zuten eskualde autonomo eta 1936an errepublika autonomo.