Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kolesterol

iz. Gai koipetsua, animalien odolean eta gorputzeko ehun gehienetan izaten dena.         
 Akohol sekundarioa da kolesterola, esterolen familiakoa, C27 H45 OH formula kimikoa duena. Lipidoen sailekoa da. Animali jatorriko ehunek ekoizten dute soilik, batez ere gibelak eta giltzurrun gaineko guruinek. ■ Gizakiari dagokionez, bi jatorri ditu kolesterolak: exogenoa (jakien bidezkoa) eta endogenoa (norberaren ehunek sortua). Bereziki animali jatorriko jakiek sortzen dute kolesterol exogenoa: esnekiek (gurina, gazta), arrautzek (gorringoak batez ere), haragiek, hestebeteek, hegaztiek… Kolesterol endogenoa hesteek eta, batez ere, gibelak sortzen dute. Kolesterol endogenoaren zati bat behazun-azido bihurtzen du gibelak. Azido horiek ahalbidetzen dute hesteetako xurgapena eta koipeen digestioa. Kolesterol horrek badu esku-hartzerik D bitaminaren sintesian, eta gorputzaren hormona esteroideen bultzatzailea da. Kortisona eta aldosteronaren sintesian esku hartzen du, baita giltzurrun gaineko guruinetako androgenoenetan ere, testosteronaren sintesian barrabiletan, estrogeno eta progesteronarenean obulutegietan. Esterifikatua badago, ez da uretan disolbatzen (hidrofoboa da), aitzitik, oliotan bakarrik disolbatzen da. Bestalde, kolesterol esterifikatua ezin da organo batetik bestera ibili molekula konplexuagoetan, lipoproteinetan, izan ezik. Era askotako lipoproteinak daude: VLDL eta LDL (dentsitate txikikoak eta tamaina handikoak) eta HDL (tamaina txikikoak eta dentsitate handikoak). Kolesterol kontzentrazio normala odolean 1,7 eta 2,2 g/l da, eta adinean aurrera egin ahala 2,5 g/l-raino igo ohi da. Giltzurrun edo guruinetako zenbait gaitzek eragin ohi dute kolesterolaren gehitzerik, baina oro har ez da horrelakorik gertatzen baldin eta ez bada herentzia genetikoaren edo lipidoen hazkundearen eraginez. Odoleko kolesterol tasak (batez ere VLDL eta LDL motakoak) gora egiten badu, koipe plakak (ateromak) ager daitezke zenbait zainetan (arterosklerosia), batez ere arteria koronarioetan, eta bularreko angina edo infartoak eragin ditzakete. Aitzitik, HDL motako kolesterolaren gehitzeak eragin babeslea du arteria koronarioetan.