Koeppen, Wolfgang
Alemaniar idazlea (Greifswald, Pomerania, 1906). Batxiler ikasketak amaituta, era askotako lanbideetan aritu zen: barku batean sukaldari, zinema batean aretozain, antzezle, eta abar. Gero, Hanburgo, Greifswald, Berlin eta Würzburgen antzerki, literatura eta filosofia ikasketak egin zituen, eta kazetari gisa hasi zen lanean. 1931-1933 bitartean Berliner Börsen-Courier kultura gehigiarriaren zuzendari izan zen. Italian egin zuen bidaia batetik bueltan argitaratu zuen bere lehenengo eleberria: Eine unglückliche Liebe (1934, Amodio zorigaiztoko bat). Gero egonaldi luzea egin zuen Herbehereetan, eta Alemaniara itzuli zen 1935ean, nazionalsozialismoari aurre egiteko asmoz. 1962an Georg Büchner saria jaso zuen. Gerra osteko bere eleberrietako trilogian –Tauben im Gras (1951, Usoak belarretan), Das Treibhaus (1953, Berotegia), Der Tod in Rom (1954, Heriotza Erroman)–, nazionalsozialismoaren aldia beren bizitzatik baztertuta, mirari ekonomikoa lortu zuten gizartea eta gizabanakoak islatzen saiatu zen, publizitatea, irratsaioak eta beste baliabide asko baliatuz. Teknika bera erabili zuen Jugend (1976, Gaztaroa) eleberri ia osorik autobiografikoan ere. Hasieran, Alemaniako kritika kontserbadoreak arbuiatu egin zuen Koeppenen lana, baina egun garrantzi handia aitortzen zaio Alemaniako Errepublika Federalaren hasierako literaturan. Beste lan batzuk: Jakob Littners Aufzeichnungen aus einem Erdloch (1948 eta 1992, Jakob Littner, oharrak zulo batetik), Es war einmal in den Masuren (1991, Behin batean Masurian), Nach Rußland und anderswohin (1958, Errusiara eta beste leku batzuetara), Amerikafahrt (1959n, Bidaia Ameriketan zehar).
- kodoin
- Kodros
- Koechlin, Charles
- koefiziente
- koentzima
- Koeppen, Wolfgang
- Koestler, Arthur
- kofadura
- kofesari
- kofesategi
- kofesatu