Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kode

iz. Informazio jakin bat irudikatzeko eta igortzeko helburua duen sinbolo sistema. || Ikurretan eta ikur multzoetan egituraturiko erlazio sistema zehatza.  v  Zuz. Legediaren alderdi jakin bati loturiko arau multzoa (kode zibila, kode penala, etab.).  v  Koloreen kodea. Elektr. Osagarri elektronikoen balio bereziak (erresistentziak eta kondentsatzailea, bereziki) erraz antzemateko, balio berak adierazten dituzten kolore ikurren sistema, nazioartean onartua.  v  Kode genetikoa. Biol. DNAk eta RNA mezulariak daramaten informazioa, proteina bakoitzean aminoazido sekuentzia mugatzen duena eta ondorioz, zelulak sortutako proteina guztien izatea kontrolatzen duena. Informazioa sekuentzia serie itxuran agertzen da (kodoiak), RNA mezulariaren molekuletan. Kodea proteina bihurtzen da ribosometan. Aldaketak gertatzen direnean kode genetikoan, aminoazido okerrak sartzen dira proteina katean eta mutazioak sortzen dira.  v  Kode bitarra. Zehazki mugatuta dauden eta desberdinak diren bi ikur erabiltzen dituen kodea, 0 eta 1, adibidez. ■ Zenbakizko kodea. Zenbakiak idazteko erabiltzen den ikurra da zenbakizko kodea. Sinbolo edo ikur ugari asmatu izan ditu gizakiak zenbakiak irudikatzeko, eta erabili den zenbakera sistemari daude lotuak aipatu ikurrak. Gaur egun sistema bakarra erabiltzen da, oinarria 10 duena, hau da, hamar ikur grafiko berezi erabiltzen dira, zeroa ere tartean dela. Zenbaki guztiak kokapen zenbakeraz idazten dira: zenbakiaren balioa erabilitako zifren araberakoa da, baita zifra horien kokapenaren araberakoa ere: “267” bi ehuneko, sei hamarreko eta zazpi unitareren batuketa da. Zeroa derrigorrezkoa da 10eko balio horietakoren baten eza adierazteko: “208”n, adibidez, zeroak adierazten du ez dagoela hamarrekorik. Mundu osoan dago hedatua gaur egun zenbaki idazkera hau; baina bestelakorik ere erabili izan da historian zehar. Antzinako Mesopotamian, esaterako, hieroglifo sistema erabiltzen zuten, 10eko balioak irudi bidez adieraziz. Maiak izan ziren, berriz, zeroa erabili zuten lehenbizikoak. Hebrearrek eta greziarrek, bestalde, alfabetoko letrak erabiltzen zituzten zenbakiak idazteko. Sistema horren ondorio da hebrearren kabala, testu sakratuen interpretazio esoterikoa. Txinatarren idazkerak (ikur bereziak erabiltzen zituzten txinatarrek) printzipio biderkatzailea ekarri zuen: bi bider “10” idatziz adierazten zen “20”. Gaur egun mundu osoan erabiltzen den zenbaki idazketa sistema, azkenik, arabiarrek zabaldu zuten Mendebalde kristauan X. eta XII. mendeen bitartean, baina ntza denez, Indian du jatorria gaur egungo sistemak, arabiarrek zabaldu bazuten ere.       
■ Kode genetikoa. Kode genetikoa ezinbestekoa da, nukleotidoez osatutako geneen helize bikoitzetik abiatuta proteinen (aminoazido sekuentzia) sintesia egiteko. Proteina bakoitzak aminoazido sekuentzia jakin bat du. DNA molekulak helize bikoitzeko egitura du, eta 1953an James D. Watsonek eta Francis Crickek frogatu zuten egitura hori DNAren oinarrizko osagaietatik (azukrea, oinarri nitrogenatua eta fosforoa) eta kristalografia irudietatik abiatuta. Baina oraindik ezinbestekoa zen jakitea DNAren egitura lineala osatzen duten oinarri desberdinen sekuentzia nola interpretatzen duen organismoak proteinen aminoazido kateak sintetizatzeko. Arazo horren emaitza, kode genetikoa, 1966an aurkitu zen hainbat zientzialariren lankidetzari esker, Marshall Nirenbergi esker besteak beste. Kode genetikoak DNA oinarrien hirukote bakoitzari (kodoi) aminoazido jakin bat lotzen die. RNA molekula osatzen duten lau oinarrizko motekin (U, urazilo; A, adenina; G, guanina; eta C, zitosina) 64 hirukote desberdin osa daitezke (esate baterako, UAC, UGG eta AUC). Kodoi bakoitza aminoazido jakin bati lotzen zaio. Kodoi baino aminoazido gutxiago daudenez gero, aminoazido batzuk kodoi bat baino gehiagoz izendatzen dira, esate baterako, UUA, UUG, CUU, CUC, CUA eta CUG sei hirukoteek leuzina aminoazidoa izendatzen dute, eta AGU eta AGC hirukoteek, berriz, serina; baina triptofanoa kodoi bakar batek izendatzen du. Aminoazido gehienak lehenengo oinarriek zehazten dituzte, eta, askotan, hirugarren nukleotidoa interesik gabeko osagarria izaten da, edo bestela, hurbileko familia baten beste aminoazido bat izendatzen du. Ezaugarri hori lagungarria da kopia edo irakurketa akatsen ondorioak mugatzeko. Hala, DNAren ACC GCA AGC ATG AAT TTT TAC CTT sekuentzia RNAren UGG CGU UCG UAC UUA AAA AUG GAA sekuentzia bihurtzen da, eta hori aldi berean, triptofano - arginina - serina - tirosina - leuzina - lisina - metionina - glutamato proteina sekuentziari dagokio. Kodoi guztiek, ordea, ez dute aminoazido bat kodetzen. Horietako hiru, UAG, UAA eta UGAk, ez zaizkie ezeri lotzen, baina, hala ere, garrantzizko zeregina betetzen dute: RNAren hariaren alderdi kodetzailearen amaiera adierazten dute. Erribosoma konplexuaren irakurketa maila horretara iristen denean, proteinaren sintesia eten egiten da. Itzulpen kode genetikoa izaki bizi guztiek erabiltzen dute, bakterioetatik hasi eta gizaki eta landareetaraino. ■ Kode sekretuak. Kodetutako mezuak, hau da, erabiltzaileak soilik irakur ditzakeenak, igortzeko sistema. Mendeetan zehar, enbaxadoreek eta beren gobernuek mezu zifratuen bidez izaten zuten elkarren berri. Antzinako Erromako garaian, igorpen zifratuetarako hainbat metodo erabiltzen ziren. Kanpo arazoetako ministerio guztiek edo gudarosteek beti izan dituzte "zifra zerbitzuak", eta horien zeregina zen zenbait dokumenturen sekretua gordeko zela ziurtatzea. Teknika gero eta hobeak behar ziren, mezuak irakurtzeko metodoak gero eta eraginkorragoak baitziren. Dena dela, eskutitzak pertsona batek besteari zuzenean ematen zirenez, sekretua, aldez behintzat babesean zegoen. Baina irrati bidezko komunikazioa sortzearekin batera arazoak sortu ziren: edozeinek atzeman baitezake irrati mezu bat. Une horretatik aurrera, kodetze eta deskodetze teknikek etengabe egin zuten aurrera. Informatika tekniken bilakaerak eta teknika horiek eskura jartzen dituzten baliabideek ezinbestekoa egin dute kodetze sistemak osatzea, igorpenen sekretua ahal bezain ondoen bermatzearren. Teknika horiek zenbakien teoriaren emaitza aurreratuenak erabiltzen dituzte. Kode sekretuekin lotuta dauden teknikei kriptografia esaten zaie.