Kodály, Zoltán
Hungariar musikagile, pedagogo, eta folklore ikertzailea (Kecskemét, 1882 - Budapest, 1967). Budapesteko unibertsitatean eta Franz Liszt-en Musika Akademian egin zituen ikasketak. Bartok ezagutu zuen eta harekin batera herri kantuak bildu zituen. Lan horretan jarraitu zuen 1907-1914 bitartean. 1923an Pest eta Buda-ren elkartzearen urteurrenerako Psalmus Hungaricus idatzi zuen koru eta orkestrarako, berehala ezaguna izan zena. 1926an Háry János opera ondu zuen, folklorean errotua, eta 1933. urtean Galantaren Dantzak orkestrarako. Musika ikasteko metodo bat idatzi zuen haurrentzat.