Kinto
Nafarroako iparraldeko mendi eta oihanaldea, Aldubide, Alduide eta Aldude ere deitua. 4.134 ha hartzen ditu guztira. Mugak: iparraldean, Aldude, Urepel (Baigorri); ekialdean, Auritz; hegoaldean, Erroibar, eta mendebalean, Esteribar, Erregerena mendia eta Baztan. Kintoa edo Kintoko mendiak izenez ezagutzen da, orobat, Bortzirietako eta Oroz-Beteluko mendialdeen arteko mendi-multzoa, Ortzanzurieta (1.567 m), Adi (1.458 m), Saioa (1.419 m), Iturrunburu (1.332 m) eta Auza (1.305 m) mendiek osatua. Kintoko oihanak guztiz aberatsak dira eta aspaldidanik erabili dituzte Pirinioz bi aldeetako nafarrek bazka eta, geroago, industria hornidurarako (ezkurrak eta bagatxak; burdinoletarako egurra, zur industria). v Historia. Eztabaida ugari piztu du historian zehar Kintoko oihanen ustiakuntzarako eskubideen jabetzak. Badirudi Erroibarko oihan gisa hartu zela aspaldidanik eta aldameneko nafarrak (baztandarrak eta, batez ere, baigorriarrak) zerga bat ordaindu beharrean zeudela hango horniduraz baliatzekotan. Nafarroako konkistaren ondoren, tirabira askoren ondotik, 1856an zehaztu zen bi estatuen arteko muga Kintoko lurretan. Erabakia ez zen izan Espainiako estatuko nafarren gustukoa, ez baitzen uren banalerroa muga lerrotzat hartu. XIX. mendean areagotu ziren nafarren eta Espainiako estatuaren arteko tirabirak Kintoko mendien ustiakuntza zela eta; 1877an Kintoaren gaineko eskubideak jaso zituen estatuak eta ordainean Erregerena mendiko 576 ha jaso zituen Baztanek eta Kintoko 616 ha Erroibarrek. Oraindik ez da osorik argitu Kinto eta Erregerena mendien jabegoari buruzko auzia.