kendo
iz. Japoniako gudu antzea, zurezko ezpatez jokatzen dena, antzinako samuraien tekniketatik eratorria. Lau banbu elkarri lotuta egindako ezpata batez (shinai) jokatzen da, kendogiz jantzita (larruzko eta banbuzko babes-jantzia). Tokugawa aroan (1700) banbuzko ezpatak erabiltzen hasi ziren, ezpatariak arriskurik gabe trebatu ahal izateko. Meiji aroan (1868-1911) kendo gudu antzea ia galdu zen, samuraien kasta legez ezabatu eta armak erabiltzea debekatu zelako. 1911tik aurrera, ordea, eskoletan irakasten hasi zen. Gaur egun Japoniako kirolik zabalduena da.