Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kemal, Mustafa

(“Ataturk” deitua; turkieraz “Turkiarren aita”). Turkiar politikaria (Tesalonika, 1880 - Istanbul, 1938). Istanbulgo gerra akademian egin zituen ikasketak. 1904an atxilo hartu zuten ofizial antiabsolutisten eta antiklerikalen ezkutuko elkarte bateko kide izateagatik. Balkanetako gerran parte hartu zuen, eta gero, Lehen Mundu Gerran, Turkiako gudarostearen buru izan zen Armenian eta Sirian. Turkia galtzaile atera ondoren, sultanak ingelesen alde zeraman politikari aurre egin zion. Gudarostea bere alde zuela, sultana kargua uztera behartu zuen 1922an, eta errepublika indarrean jarri zuen. Errepublika lehendakari hautatu zuten 1923ko urriaren 29an. Harrez geroztik Turkiako estatuaren erreforma soziopolitikoa abiarazi zuen: lurraldearen mugak zehaztu zituen, eta Irak aske utzi zuen; kurduak eta armeniarrak gogor zapaldu zituen; estatuaren erlijio neutraltasuna aldarrikatu zuen, Korana irakasten zuten eskolak eta erlijio epaitegiak itxi zituen; sartaldeko zuzenbide zibila, egutegi gregoriotarra, pisu eta neurri sistema hamartarra, eta latinezko alfabetoa erabilarazi zituen; azkenik, Europako motako jantziez jaztera behartu zituen biztanleak. Lehendakari zela, diktadore baten ahalmenak beretu zituen; 1926an heriotzara zigortu zituen oposizioko buruzagiak, eta alderdi politiko bakarreko (Herriaren Alderdi Errepublikarra) erregimena finkatu zuen Turkian. Kemalen agintaldian, industriak eta bide azpiegiturek aurreramendu handia izan zuten.