Kelvin, William Thompson
Britainiar fisikari eta matematikaria (Belfast, 1824 - Netherhall, 1907). Glasgow-en eta Cambridgen egin zituen ikasketak. Glasgow-eko unibertsitatean filosofia naturaleko irakasle izan zen. 1856an bero absortzioaren fenomenoa aurkitu zuen (Thomson efektua), eta horrekin zientzialari asko termodinamikaren alorrera eraman zituen. Handik gutxira energiaren barreiatzearen teoria azaldu zuen: teoria horren arabera sistema baten energia kopurua aldatzen ez bada ere, energia horretatik erabil daitekeen zatia etengabe gutxitzen da. Gasen konpresioa aztertuz, Joule-Thompson efektua aurkitu zuen: gasak presioz zulo txiki batetik igaro behar duenean izaten dituen tenperatura aldaketak. Esperientzia horien ondorioz zero absolutua - 273 °C-tan zegoela aurkitu zuen, eta hala tenperatura eskala absolutua, zero absolutuan oinarritua, proposatu zuen zientzialarientzat. Geroago Atlantikoan zehar ezarri zen lehenengo kablea jartzeko lanetan parte hartu zuen. Kelvin-en zientzia emaitzarik garrantzizkoenak energiaren kontserbazioari buruzko ikerketak, tenperatura absolutuaren eskala, beroaren teoria dinamikoa, elektrizitatearen eta magnetismoaren analisi matematikoa, Lurraren adina finkatzeko ikerketak, eta hidrodinamikazko oinarrizko lanak izan ziren. 600 lan zientifikotik gora argitaratu zituen. v Kelvin eskala. Zero absolutuan hasten den eta Celsius-en gradu bitarteak dituen tenperatura eskala, Kelvin-ek asmatua. Zero absolutua da gas ideal baten bolumena zero izatera iritsiko litzatekeen tenperatura. Celsius eskalako zeroa (0 °C) Kelvin eskalako 273°–en (273 °K) baliokidea da. v Kelvin-Planck, enuntziatua. Honela adierazten da: ezin da inongo aldaketa termodinamikorik izan, horren ondorio bakarrak foku bakar baten beroaren absortzioa eta lan kopuru berdina sortzea denean.
- keloide
- kelonido
- kelonio
- kelp
- kelta
- Kelvin, William Thompson
- Keller, Gottfried
- Kelly, Ellsworth
- Kelly, Gene
- Kelly, Grace
- Kelly, Petra