katarrino
izond. Zool. Simioen ordenako tximino mota batzuez esaten da. Animalietan gizakiaren antzekoenak dira. Zuhaitzetan bizi dira, baina lurrean ibiltzeko ere egokituak daude batzuk. Aurpegia ilerik gabea dute, eta burua barrunbe handikoa, gorputzaren neurriaren ondoan; tinpanoaren barrunbea aldiz txikia dute. Sudur-zuloak elkarren ondo-ondoan dituzte, eta beherantz begira. Katarrino mota askok eskuak eta hankak oratzaileak eta azazkal-zapalak dituzte. Isats-laburrak dira gehienak. Beste tximino moten aldean sarri izaten dute hilekoa. 32 hortz eta hagin dituzte; eta landarejaleak edota orojaleak dira. Katarrinoen baitan bi tximino talde biltzen dira: zinomorfoak eta antropomorfoak. Lehen taldean familia bakarra sartzen da, zerkopitezidoena (koloboa, nasikoa, etab.); bigarrenean berriz bi, hilobatidoena (jiboia, siamangoa, etab.), eta ponjidoena (gorila, txinpantzea, etab.). Afrikako ipar-ekialdean eta Saharako hegoaldeko mugetatik hegoalderako lurraldeetan, Asiako hego-ekialdean eta Arabiako Penintsularen hego-ekialdean bizi dira.