Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Qatar

(Izen ofiziala, Qatarko estatua; Arab. Dawlat Qatar). Arabiako penintsulako estatua, Qatarko penintsula osoa hartzen duena Persiako golkoko hego-mendebalean. 11.427 km2 eta 456.000 biztanle (1991). Mugak: 350 km-tako itsasertzak inguratzen du penintsula; hego-mendebalean Saudi Arabia eta hego-ekialdean Arabiako Emirrerri Batuak daude. Hiriburua: Dauha (217.294 biztanle, 1986). Hiri nagusiak: Ar-Raian, Al-Uakrah, Musaid. Hizkuntza ofiziala: arabiera. Etniak: hego asiarrak % 34, Qatar bertakoak % 20, beste arabiarrak % 25, irandarrak % 16, besteak % 5. Erlijioa: musulman sunnita % 92,4; kristaua % 5,9; hindua % 1,1; baharismoa % 0,2; besteak % 0,4. Dirua: riala.  v  Orografia eta hidrografia. Qatarko penintsula 180 km luze da, eta tokirik zabalenean 56 km ditu. Mendebaleko itsasertzean muinoak daude (40 m garai), eta labar txikiak ekialdeko itsasertzaren iparreko muturrean, baina Qatarko lurraldearen gehiena basamortu laua da, harritsua eta hareatsua. Uharte txiki eta koralezko zerrenda asko daude Qatarren. Ez dago ibairik, eta lurpeko ura ez da edateko ona, mineral asko baitu.  v  Klima eta landaretza. Uda oso beroa (40 °C) eta hezea (% 85) da Qatarren, eta negua, laburra, epela (10-20 °C) eta hezetasun txikiagokoa; neguko gauak hotzak izaten dira. Oso euri gutxi egiten du Qatarren, 50-70 mm urtean. Qatarko lur sailen % 1 baino ezin da landu; abere larreak ere oso gutxi dira. Landareak iparraldean daude bakarrik, itsas urari gatza kenduta ureztatzen diren lur sailetan; basamortuan, udaberriko euriak 150 landare mota lorarazten ditu.  v  Biztanleak. Petrolio hobiak 1949an ustiatzen hasi aurretik beduino nomaden talde gutxi batzuk baizik ez ziren bizi Qatarren. Gaur egun, ordea, biztanle gehienak Egipto, Palestina, Pakistan, Iran eta Indiatik joandako langileak dira. Biztanle gehienak hirietan bizi dira. Arabiera da Qatarko hizkuntza ofiziala eta ingelesa bigarren hizkuntza gisa erabiltzen da. Wahabi erlijioa, musulman sunniten adarra, da erlijio hedatuena.  v  Ekonomia. Qatarko ekonomiaren egoera Persiako golkoko gainerako herrien oso antzekoa da, eta petrolioaren eta gas naturalaren ustiapena du oinarri. Qatarren gaur egungo erronka nagusia petrolioak dakarren aberastasuna inbertitzean datza, petrolioaren ustiapenaren mendean ez geratzeko eta haren ordezko industria sortu ahal izateko; izan ere, XXI. mendearen hasierarako agor baitaitezke petrolio hobiak. Petrolioaren industria atzerriko konpainien eskuetan egon zen harik eta 1970. urtean estatua haien jabe egin zen arte. Petrolio hobi gehienak Dukhan-en, eta itsasoan, Halul uharte inguruan, daude. Musaiden daude esportaziorako portua eta Qatarko industria nagusiak (findegia eta petroliotik eratorritako gaiak, porlangintza, altzairugintza, eta gas naturala urtzeko lantegia).  v  Abere hazkuntzak eta arrantzak (perlak) garrantzi gutxi dute. Nekazaritzan aurreramendu handia egin da, eta itsas urari gatza kenduta ureztatzen diren lur sailetan barazkiak eta fruitu arbolak landatzen dira.  v  Qatarrek ekoizten duen petrolioaren % 90, gas urtua, eta altzairu eta barazki gutxi esportatzen ditu, eta makinak, garraio hornidura, gai landuak, janaria, abereak, eta kimika gaiak inportatzen ditu. Merqataritza harreman gehienak Britainia Handiarekin, Frantziarekin eta Alemaniarekin ditu. Esportazioak inportazioak baino bi aldiz gehiago dira.  v  Qatarko bide azpiegitura ona da. Hiriburuan nazioarteko hegaldietarako aireportu bat dago.  v  Gizartea eta gobernua. Qatar independentea da 1971az geroztik, britainiarren babesgoa bukatu zenetik, hain zuzen. 1970. urteko behin-behineko Konstituzioaren arabera, emirra da estatuburua eta ministro batzordearen ardura duena; aholku-batzorde bat ere bada, emirrak bere senideen artean hautatzen dituen 30 kidez osatua. Qatarko legeak islama du oinarri. Alderdi politikoak debekatuta daude. Hezkuntza doan eta nahitaezkoa da. Qatarko unibertsitatea 1977an sortu zen.  v  Kultura. Qatarko biztanleek oraindik bizirik dirauten beduinoen ohitura asko betetzen dituzte. Gizonek abah delakoa jazten dute; emakumeak gutxitan agertzen dira jendaurrean, betiere musu errezel beltza jantzia eta aurpegia estalia dutela. Hala ere, Qatarko puritanismo estuan atzerritar langileek badute eraginik.  v  Historia. Qatar Bahrein-en mende egon zen 1868 arte, eta inperio otomanoarenean 1915 arte. 1916an Qatarrek itun bat izenpetu zuen Britainia Handiarekin, eraso guztietatik babesteko; halaber, britainiarrek hartu zuten Qatarren kanpo harremanak zuzentzeko ardura. Britainia Handiko gudarosteak Persiako golkotik joateko asmoa iragarri zuenean, Qatar, Bahrein eta Omango emirrak bildu eta Persiako golkoko emirreria osatzea erabaki zuten. Geroago Qatarrek elkartetik kanpo geratzea erabaki zuen. 1970ean behin-behineko Konstituzioa onartu zuen, eta 1971n askatasun osoa lortu zuen. Nazio Batuen Erakundeko eta Arabiar Ligaren kide egin zen, eta lankidetza hitzarmenak izenpetu zituen Britainia Handiarekin. Ahmed ibn Abdullah al-Thani emirrak haren lehengusu Ben Hamad al-Thani hartu zuen Lehen Ministro kargurako. 1972ko otsailean, Lehen Ministroak estatu kolpea jo zuen eta emirraren kargua eta ahalmen guztiak eskuratu zituen. Petrolioaren irabaziak erabiliz industrializazioa bultzatu zuen, eta atzerritarren eskuetan zeuden petrolio enpresak eskuratu zituen pixkanaka. 1961az geroztik LPEEko kide da. Qatarrek harreman oso estuak ditu Saudi Arabia eta Arabiako Emirreri Batuekin.