Kartago
(Fenizieraz Kart Hagasht “Hiri Berri”). Afrikako iparraldean, gaurko Tunezetik hurbil, Tiroko feniziarrek K.a. 814an sortutako hiria eta kolonia. Hiriaren kokalekua bera ongi aukeratua zen, Tunezko golkoan hiruki labur bat eratzen duen penintsula batean, babesa eta arrantza ugari eskaintzen duen itsasoz ia inguratua. Hiria sortu eta hurrengo mendeetan Mediterraneo itsasoaren sartalde osoan zehar hedatu zen merkataritzako inperio handi baten gune nagusi bihurtu zen. Antzinateko hiririk handienetakoa izan zen. Kartagoko salgaiak oso aintzat hartuak ziren Mediterraneo inguruetako herrietan. Hiriaren aberastasunaren oinarri nagusietako bat Afrikako iparraldeko eta Iberiar Penintsularen hegoaldeko zilar meatzeak ziren. Kartagotarren merkatari inperioaren etsai nagusiak greziarrak izan ziren lehendabizi, Siracusakoak batez ere, eta geroago erromatarrak. K.a. III. mendearen erdialdetik II. mendearen erdialdera bitartean hainbat gerra izan zituen Erromarekin. Gerra horien ondorioz, Kartagoren aginpidea guztiz ahuldu zen, eta azkenik hiria K.a. 146an Erromaren esku erori zenean, hiri osoa erre, eta ez zen biztanlerik gehiago geratu. Gerora berriro sortu zen hiria, eta Augusto enperadorearen garaian Afrikako probintzia erromatarraren hiriburu izan zen. Garai horretan Alexandria eta Antiokiaren maila bereko hiria zen Kartago. Kristautasunaren lehen aldietan garrantzi handiko kristautasungunea izan zen; bertako apezpiku izan ziren Tertuliano eta Zipriano santua, Elizaren gurasoak. 439an bandaloek hartu zuten hiria; 533an bizantziarrek hartu zuten, eta azkenik 705ean arabiarrek konkistatu zuten. Garai horretatik aurrera Kartago hustu, eta Tunezko hiri berriak hartu zuen haren lekua. v Kartagoko gerrak. K.a. III. eta II. mendeetan Kartagoren eta Erromaren artean izandako hiru gerra, gerra puniko ere deituak. v Kartagoko lehenengo gerra (K.a. 264-241). Mediterraneo itsasoko Korsika eta Siziliako uharteen kontrola lortzeko piztu zen. 264an kartagotarrak Siziliako Messana eta Siracusa hirien arteko liskarretan parte hartzen hasi ziren, era horretara uharte horretan kokatzeko asmoz. Erromak eraso, eta kartagotarrak uhartetik kanpora egotzi zituen. Erromaren itsas ontzidia Afrikako lurraldeetara iritsi zen 256an, baina Kartagok, ia errenditzeko zela, Erromak jartzen zituen baldintzak gogorregiak zirelako, zaldiz eta elefantez osatutako gudaroste batez eraso, eta erromatarrak itsasora egotzi zituen berriro. Erromaren itsas ontzidiak erabat mozten zituen, ordea, kartagotarren koloniekiko harremanak, eta azkenean errenditu egin zen Kartago. Bakearen ordainez, Sizilia eta Lipari uharteak Erromari eman zizkion eta zergak ordaintzeko karga hartu zuen Kartagok. v Kartagoko bigarren gerra (K.a. 218-201). Kartagoko lehenengo gerraren ondoren, Erromak Korsika eta Sardinia kendu zizkien kartagotarrei, eta gero eta zerga astunagoak jarri zizkien. Hala ere Amilkar Barka buruzagiaren, haren seme Anibalen eta haren suhi Asdrubalen gidaritzapean, oinarri sendo bat hartu zuen Kartagok Iberiar Penintsulan. 219an Anibalek Sagunto konkistatu zuen. Erromak hiri hartatik alde egiteko eskatu zuen, baina Kartagok ezezkoa eman, eta Erromak gerra deklaratu zion. Itsasoa Erromaren esku zegoenez, Anibalek lehorrez eraman zuen bere gudarostea, Galian eta Alpeetan zehar Italiako penintsularaino. Galiako zenbait herriren laguntzarekin hainbat gudu irabazi zituen Italiako penintsulan, Cannæ-koa batez ere. Capuako hiria (Italiako bigarren hiri handiena) konkistatu zuen baina ezin izan zuen Erroma hartu. 207an Asdrubalek beste kartagotar gudaroste bat eraman zuen Italiako penintsulara, Anibalekin batera Erroma hartzeko asmoz. Hasdrubalen gudarostea Metauros ibaiko guduan menderatu zuen Erromako gudarosteak. Anibalek 203 arte jarraitu zuen Italiako penintsularen hegoaldean. Bien bitartean Eszipionek Iberiar Penintsulan eraso zien Kartagoren gudarosteei. 206an Kartagok Iberiar Penintsulatik alde egin behar izan zuen. Eszipionek, orduan, Kartagoko lurraldeetara eraman zuen erasoa 204an. Zama-ko guduan Kartagoren gudarostea guztiz menderatu ondoren, Erromak bere baldintzak jarri zizkion Kartagori: zerga ordaindu, itsas ontzidia deuseztatu, eta Hispania eta Mediterraneoko uharteak Erromari utzi. v Kartagoko hirugarren gerra (K.a. 149-146). Lehenengo eta bigarren gerretan Kartagok bere aginpide politikoa galdu bazuen ere, bere merkataritza guztiz indartzen ari zen K.a. II. mendean, Erromako merkatarien kaltetan. 150ean Masinisaren erasoari armaz erantzun ziotenean, Erromak bere gudarostea bidali zuen Kartagoren kontra, hitzarmena hautsi zuelako. Kartagok Erromaren baldintzak onartu nahi izan zituen; Erromak ordea hiria itsasertzetik urrundu eta lehorrean barrura aldatzeko baldintza jartzen zuen, horrela Kartagori itsaso bidezko merkataritza eragozteko. Kartagok bi urtez eutsi zion erromatarren setioari. Eszipion Emilianok bide guztiak moztu eta inguratu zuen hiria, baina hala ere etxez etxe konkistatu behar izan zuen. Hiriak zituen milioi laurden biztanleetatik, 50.000 mila inguru geratzen ziren hiria errenditu zenean. Bizirik geratu zirenak esklabo saldu zituzten; hiri osoa desegin zen, eta lurraldea Erromaren probintzia bihurtu zen.