Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

karst

iz. Geol. Kare-harriz edo gatz-harriz eratuta dauden lurraldeetan uraren higadurak sortzen duen erliebe mota. Harri zartaduretatik barrena sartzen den urak eta lurpeko urek sortzen dute karst erako erliebea. Esloveniako Karst lurraldetik hartua du izena, han ugari baitira gisa horretako lurraldeak.  v  Karst erliebea higadura kimikoz sortzen da, harriak gogorrak eta disolbagaitzak baitira berez. Karbono dioxidoa (CO2) daukan urak kaltzio karbonatoz osatutako harriak (gatz-harriak, anhidrita, dolomiak eta kare-harriak) desegin eta jan egiten ditu. Era honetan gertatzen da prozesua: lehen aipatu diren harriek (kareharriek, etab.) kaltzio karbonatoa dute osagai eta karbono dioxidoa daukan urarekin erreakzionatzean azido karbonikoa sorrarazten dute: (CO2 + H2O ’ H2 CO3). Azido karbonikoak harriaren kaltzitari erasotzen dio eta uretan oso erraz urtzen den kaltzio bikarbonatoa eratzen da hala: (CaCO3 Ca (CO3H2). Higadura horren ondorioz erliebeak karst formak eta egiturak izaten ditu. Karst morfologiaren forma nagusiak lenarrak, leizeak, arroilak, torkak eta dolinak dira. Euskal Herrian karst morfologia dute, besteak beste, Urbasa, Izarraitz, Gorbeia, Aralar, eta Larra-Belagoako mendiek.