Karpato mendiak
Europako erdialdeko mendi saila, Txekiatik Errumaniaraino, Morava ibaiak Danubio ibaiarekin bat egiten duen lekutik Danubioko Burdinazko Ateetaraino, 1.400 km inguruz hedatzen dena. Txekia, Polonia, Ukraina eta Errumaniako lurraldeetan zabaltzen dira, Hungariako ordokia eta Transilvania inguratuz eta 220.000 km2-ko arku zabal bat eratuz. Egituraz Alpe mendien jarraipena badira ere, izatez oso bestelakoak dira: ez dira horren trinkoak, gailurrak apalagoak dira, eta haran zabalez bereizten diren mendikateez eratuak dira. Gerlachovsky mendiak, mendirik garaienak, 2.655 m ditu. Ura Itsaso Beltzera isurtzen da, Danubio eta Dniester ibaietatik. Ekonomia abere hazkuntzan, basogintzan eta meatzaritzan oinarritzen da batez ere. Meatzaritzari dagokionez, aipatzekoak dira petrolio hobiak (Galitzia eta Moldavia), urre-meatzeak (Bihor) eta burdin-meatzeak (Transilvania eta Banat). Turismoak ere badu garrantzia Karpatoetako ekonomian.