Karnataka
Indiako estatua, hego-ekialdeko kostaldean. Mugak: iparraldean Goa eta Maharashtra, ekialdean Andra Pradesh, hego-ekialdean Tamil Nadu, hegoaldean Kerala eta mendebalean Arabiako itsasoa. 44.806.468 biztanle (1991). v Orografia. Lau lurralde mota bereizten dira Karnatakan: itsasertzean ordokia, mendebalean mendixkak, goi-ordokia ekialdean eta lantzeko lur sailak ipar-ekialdean. v Ekonomia. Nekazaritzan dihardu biztanleen % 80ak. Gai nagusia arroza bada ere, Indiako kafe gehiena ekoizten da han. Meategiak ere badira: urrea, zilarra, burdina, manganesoa eta bauxita. v Historia. Karnatakaren elkartasuna Vijayanagar erresumaren garaian egin zen (1300-1600), baina geroztik lurraldea murriztu egin zen, mongol musulmanen eta Maratha eta Hyderabad estatuen erasoen ondorioz. Hartatik gelditu zen lurraldeak Mysore izeneko estatu burujabe izaten jarraitu zuen, 1799. urtean britainiarrek konkistatu zuten arte. 1953-1956 bitartean kannadarrek zenbait lurralde bereganatzea lortu zuten Mysore estatura: Bombay, Hyderabad eta Madras. Estatuak Karnataka izena hartu zuen 1973an.