Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Karnak

Egiptoko herria, Nilo ibaiaren ertzean, Kanako probintzian, Egipto Garaian. Antzinako Tebasko Amon tenpluaren hondakinak daude han, munduko arkeologia multzo nagusietako bat. Hiru barruti bereizik osatzen dute: Montu, Amon eta Mut. Mut Amonen tenpluari lotua dago esfinge bide batez; antzina Luxor-ko tenpluraino iristen zen bide hori. Amonen tenpluan hainbat garaitako eraikuntzak daude. Bitarteko Aroan eraikitako lehen eraikuntzatik Sesostris I.aren kapera zuria baizik ez da geratzen, aurretiko zatiak bilduaz berregin dena. Horrez gainera, gehiena XVIII, XIX eta XX. dinastietan egina da. Bitarteko Hirugarren Aroan eta Behe Aroan beste eraikuntza batzuk erantsi ziren. Azpimarratzekoak dira multzo osoan: Hatsepsut eta Tutmosis III.aren obeliskoak; areto zutabeduna, Horenheb-ek, Seti I.ak eta Ramses II.ak eraikiak; Ramses III.aren tenplua; Pinediem I.aren estatua eta Taharkaren kioskoa. Gaur egun jarraitzen dute indusketek eta ikerketa lanek tenplua konpondu eta gordetzeko.