Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kardiopatia

iz. Bihotzaren gaixotasuna. Bihotzeko gaixotasun oro izendatzeko erabiltzen da kardiopatia hitza, edozein delarik ere gaixotasunaren jatorria. Badira hainbat kardiopatia mota: balbularrak, iskemikoak, hipertentsiboak, sortzetikoak, baita miokardiopatiak edo kardiopatia infekziosoak ere. Bihotzeko balbulen funtzionamendu txarraren ondorio diren gaixotasunei deritze kardiopatia balbularrak. Aortaren estutzeak, adibidez, aorta zuloaren (hortik joaten da odola ezkerreko bentrikulutik aortara) txikiagotzea eragiten du. Kardiopatia balbularren maiztasuna asko gutxitu da herrialde aurreratuetan, zenbait infekzio bakterionoren tratamendua asko hobetu baita. Aitzitik, ugaldu egin dira kardiopatia iskemikoak. Gutxiegitasun koronarioek eragindako bihotz gaixotasunei deritze kardiopatia iskemiko. Arteriosklerosiak eragin ohi du, gehienetan, gutxiegitasun koronarioa. Kardiopatia hipertentsiboa, berriz, orekatu gabeko hipertentsio arterialak eragindako bihotz giharraren gaitza izan ohi da. Bihotzak (hipertentsio arteriala dela kausa) egin behar izaten duen ahalegin handiegiak hipertrofia eragiten du, eta bihotz giharraren zabaltzea. Sortzetikako kardiopatiak, bestalde, era askotakoak dira: aurikula arteko komunikazio arruntetik hasi eta gaitz konplexuagoetaraino.