Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kansas

Estatu Batuetako erdialdeko estatua. Mugak: iparraldean Nebraska, hegoaldean Oklahoma, mendebalean Colorado eta ekialdean Missouri. 213.095 km2. 2.492.000 biztanle (1990). Hiriburua: Topeka. Hiri nagusiak: Kansas City, Wichita.  v  Orografia. Belardietatik ordokietarako igarobidean dago; ekialdetik mendebalera pixkanaka igotzen den zabaldia da. Kansas ibaiaren adarrak igarotzen dira iparraldetik, eta Arkansas ibaiarenak hegoaldetik.  v  Klima. Kontinentekoa da; alde handiak daude udako eguraldiaren eta negukoaren artean. Euri kopurua ere oso desberdina da: urteko 500 mm mendebalean, eta 1.000 mm ekialdean.  v  Ekonomia. Nekazaritzan oinarritzen da batez ere. Kansas da Estatu Batuetako gari ekoizle nagusia. Gariaz gainera, artoa, oloa eta patatak lantzen dira. Petrolio eta gas natural hobi garrantzitsuak daude. Kimika, janari eta beira industria.  v  Historia. Francisco Vazquez de Coronadok esploratu zuen Kansas lehen aldiz, 1541ean. 1682an Louisiana frantsesarekin batu zuen Cavalier de la Sallek. 1803an Napoleonek Estatu Batuei saldu zien Kansas Louisianarekin batera. Kolonoen igarobidea izan zen mendebalerako bidean. 1861ean Batasunaren estatu bihurtu zen. Burdinbidea iristean hasi zen ekonomia sendotzen.