Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kanbodia

(Izen ofiziala, Kanbodiako Erresuma; Khmereraz, Preahreacheanachakr Kampuchea). Asiako hego-ekialdeko estatua, Indotxinako penintsulan. 181.050 km2 eta 13.881.427 biztanle (2008, kanbodiarrak). Mugak: ipar-mendebaldean Thailandia, ipar-ekialdean Laos, ekialdean eta hego-ekialdean Vietnam, eta hego-mendebaldean Thailandiako golkoa, Indiako Ozeanoan. Hiriburua: Phnom Penh (1.00.000 biztanle). Hiri nagusiak: Batdambang, Kampot, Kampong Cham. Hizkuntza ofiziala: khmerera. Etniak: khmerrak % 88, vietnamdarrak % 5, txinatarrak % 3. Erlijioa: budistak, % 88,4 (erlijio ofiziala); musulmanak, % 2,4; besteak, % 9,2. Dirua: riela.  v  Klima eta landaretza. Kanbodiako klimaren ezaugarriak hezetasuna eta beroa dira. Beraz, klima tropikala du, montzoi haizeen mende dagoena. 21-35 °C bitarteko tenperatura izaten du. Euri sasoian, hego-ekialdetik datozen montzoi haizeen euria itsasbazterrean erortzen da; hala, urtean 5.000 mm euri egiten du itsasaldean, eta barnealdean, berriz, 1.375 mm. Kanbodiako klima oso egokia da landareak haz daitezen, eta oihanak estaltzen ditu lurraldearen hiru laurdenak. ■ Biztanleak. Kanbodiako biztanleriaren osaera nahiko homogeneoa da: etnia nagusia khmer etnia da, eta gainerakoak, gehienak vietnamdarrak eta txinatarrak dira. Khmereraz gainera, frantsesa eta vietnamera ere erabiltzen dira. Bizi itxaropena apala da, batez beste 48,24 urtekoa. Biztanle gehienak nekazari inguruetan bizi dira, herrialdearen erdialdean, arroza lantzen den bailara inguruetan batez ere. Khmer gehienak nekazariak dira; txinatarrak, berriz, hirietan bizi dira, eta vietnamdarrak nekazari eta arrantzaleak dira, oro har, edo eskulangile eta merkatariak, hirietakoak. ■ Ekonomia. Urte askotako gerrak kalte handiak egin ditu ekonomian, eta Kanbodia munduko nazio behartsuenetako bat da. Urteetan atzerriko laguntzaren mendean egon da Kanbodiako ekonomia, eta lau urte igaro zituen arren aldagai makroekonomikoetan sendo agertu zena, ekonomia izugarri jaitsi zen 1997-1998 urteetan, inguru hartako krisi ekonomikoaren, indarkeria zibilaren eta liskar politikoen ondorioz. Izan ere, 1997ko estatu kolpearen ondoren asko murriztu zen nazioarteko laguntza, eta 1994ko legeen arabera ekonomia liberalizatzeko neurriak hartu ziren arren, ustelkeriak eta lege egitura ahulek atzera eragin zioten atzerriko inbertsioari. Bestalde, urte batzuetan turismoak gora egin zuen arren, azken urteetako Asiako krisiak eta egonkortasun politikorik ezak berriro galerak eragin ditu. Horrez gain, 1998an izugarrizko gosetea sortu zen lehorte baten eraginez. Kanbodiako azpiegiturak oso kaskarrak dira; horrek garapena galarazten du, eta herritarrek ez dute baliabide aski. Dena dela, 1999ko urtean % 2ko hazkundea izan zuen bertako ekonomiak. 1998an % 15eko inflazioa izan zuen. ■ Nekazaritza da Kanbodiako ekonomia jarduera nagusia (arroza, artoa, azukre kanabera, banana, etab.), baina arazo larriak ditu egoera politikoaren eta eguraldiak eragiten dituen hondamenak direla-eta. Mea baliabideak ez dira behar bezala ustiatzen, eta zura garrantzi handiko aberastasuna den arren, ingurumenean arazo larriak sortzen ari dira baso ustiapenaren eraginez. ■ Gizartea eta gobernua. Kanbodia monarkia konstituzionala da gaur egun; erregea da estatuburua, eta Lehen Ministroa gobernuburua. Legebiltzarra bi ganberaz osatua da, 1998ko hitzarmen baten ondorioz: senatua eta biltzar nazionala. Gobernua alderdi anitzez osaturiko demokrazia liberala da, 1993ko konstituzioak jasotzen duenaren arabera. Heng Samrin-en gobernuak, Kanbodiako bizi baldintzak hobetzeko ahaleginetan, erietxeak eraiki zituen; hala eta guztiz ere, eritasun kutsagarri batzuk, malaria eta eskistosomiasia, ez dira erabat desagerrarazi, eta elikadura ez da behar bezain ona. Pol Poten gobernuak hezkuntza sistema, lehen mailako ikasketak izan ezik, indargabetu zuen. 1979an zabaldu ziren berriz bigarren eta goi mailako ikasketa eskolak. Irakasle eta baliabide falta nabarmena da alor honetan. Gaur egun hezkuntza nahitaezkoa da 6-12 urte bitarteko adinean.  v  Kultura. Angkor dinastia oparoaren bitarteko urteetan (802-1432) arkitektura eta eskultura obra ederrak egin ziren. Harrezkero, eta frantsesen kolonizazio garaia arte, gerra giroa bizi izan zen eta kulturak ez zuen aurrerapen handirik egin. Independentziaz gero, antzinako ohiturak berreskuratzeko ahaleginetan, musika, dantza, antzerki eta arte eskolak sortu ziren. Hala eta guztiz ere, Khmer Gorriek Kanbodiako kultura modernoaren adierazpide guztiak suntsitu eta antzinakoak hondatu zituzten. ■ Historia. K.o. I. mendean Funan erreinua finkatu zen hego-mendebaleko ordokietan, eta Malaysiako penintsula guztira zabaldu zen haren eragina, harik eta VI. mendean, Funanen mendeko kambuja herriaren buruzagiak estatuko parte bat mendean hartu zuen arte. VIII-XI. mendeetan Angkor dinastia nagusitu zen. Dinastiaren lehen erregeak, Jayavarman II.ak (802-850), erreinua bateratu eta Angkor izendatu zuen erreinuaren hiriburu. 1431ean, Siam auzo erreinuak Angkor menderatu eta Phnom Penh hartu zuen hiriburutzat. Harrezkero, bertakoek siamdarrei eta vietnamdarrei aurre egin behar izan zieten urteetan. Gerra zibilak eta inbasioak zirela eta, Ang Duon erregeak (1848-1860) Frantziari laguntza eskatu zion galdutako lurraldeak eskuratu ahal izateko, eta 1863ko uztailean Kanbodia Frantziaren protektoratu bihurtu zen. Kanbodia frantsesen babesean egon zen urteetan mugak finkatu, barneko istiluak baretu eta herriaren egoerak hobera egin zuen. Frantsesen eragina gero eta handiagoa zen eta herria erabat mendean hartzea lortu zuten. Bigarren Mundu Gerra bitartean Japoniak lurraldea hartu zuen gerrako eginkizunetarako oso egokia zelako, eta frantsesek nagusitasuna galdu zuten. Naziotasun sentimenduak gero eta indar handiagoa zuen; Japoniak gerra galdu zuenean monarkia autonomo bat ezarri zen, Frantses Batasunaren barruan; independentzia 1953an lortu zen. 1960an Norodom Sihanuk erregeak hartu zuen aginpidea, eta errege tituluari uko egin bazion ere, antzinako estatu egiturak zirauen indarrean, khmer nekazarien egoera batere hobetu gabe. Estatu Batuek Vietnamgo gerran parte hartzea erabaki zutenean bi herrien arteko harremanak eten ziren. 1969an Estatu Batuek bonbez eraso zioten Kanbodiari, eta 1970ean CIAk antolatutako estatu kolpearen bidez aginpidetik kendu zuten Norodon Sihanuk. Lon Nol jeneralak hartu zuen orduan aginpidea, Khmer errepublika sortu zuen eta Estatu Batuekiko harremanak estutu zituen. Lon Nolen gobernuak, baina, Khmer Gorrien gerrillari aurre egin behar izan zion. Gerrillak ordea, Sihanukek Pekinen erbesteraturik sortu zuen Kanbodiako Fronte Batuaren eta Txinaren laguntza zuen, eta 1975ean aginpidea lortu eta diktadura ezarri zuen. 1976an Kanbodia Demokratikoa izeneko errepublikaren konstituzioa onartu zen, alderdi komunistaren kide ziren Khieu Samphan lehendakariaren eta Pol Pot Lehen Ministroaren gobernupean. Khmer Gorrien gobernu maoista nekazaritzan oinarritutako komunismo utopikoa ezartzen ahalegindu zen; hiriak jendez hustu zituen, herriaren egitura ekonomikoa eta soziala errotik irauli zuen, administrazio eta hezkuntza erakundeak desegin zituen, eta kulturaren adierazpide txikiena ere desagerrarazi zuen. Zapalkuntza itzel horretan ehunka mila pertsona hil ziren. 1979an Vietnamgo gudarostea Kanbodian sartu eta herriaren batzorde iraultzailea jarri zuen gobernuan, zortzi kidez ostatua, Heng Samrinen gidaritzapean. Harrez geroztik Kanbodia izena eman zitzaion lurraldeari. Samrinen gobernuak, vietnamdarren gidaritzapean betiere, erregimen komunista ezarri zuen. Hala ere, Khmer Gorrien gerrillak borrokan jarraitu zuen Kanbodiako iparraldean eta Thailandiako muga bere kontrolpean hartu zuen. Halaber, Khmer Herriaren Askapenerako Frontea eta Sihanuken aldeko taldeak sortu ziren gobernuari eta Khmer Gorriei aurre egiteko. 1989an Vietnamgo gudarostea Kanbodiatik atera zen. 1991ean, Nazio Batuen aholkuei jarraituz, borrokan ari ziren taldeek su-eten baterako akordioa izenpetu zuten. Sihanuk Kanbodiara itzuli zen eta nazio batzordearen buru jarri zen 1993ko maiatzeko hauteskundeak bitartean. Hauteskundeetan Funcinpec alderdi erregezalea izan zen garaile, baina ez zuen gehiengorik lortu, eta Sihanuk erregeak lau alderdiren arteko koalizioko gobernua osatu zuen Funcinpec-eko buru eta bere seme Norodom Ranariddh eta Kanbodiako Herriaren Alderdiko (lehen PPRK, eta Vietnamen aldekoa) Hun Sen izendaturik Lehen Ministrokide. Konstituzio berriak aginpidean ezarri zuen berriro erregea. Khmer Gorrien gerrillak ez zuen amore eman eta borrokan jarraitu zuen gobernuaren kontra, harik eta zenbait galera handiren ondoren 1996an giroa baretzen hasi zen arte. Ahuldadea erakusten ari zen gerrilla eta gobernuak ahaleginak egin zituen haien artean zatiketa eragiteko. 1997. urtean, ordea, Hun Sen "bigarren Lehen Ministroaren" jarraitzaileek Sihanuken semea aitaren kontrako estatu kolpea prestatzeaz akusatu, bere kargutik kendu eta epaitu egin zuten 1998an. Nazio Batuen zuzendaritzapean legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren eta Kanbodiako Herriaren Alderdia izan zen garaile, Funcinpek alderdiari aurrea harturik. Gobernuari boikota egingo zioten beldur zen Hun Sen ordea, eta Funcinpec alderdiarekin koalizioa osatzea erabaki zuen. 1999. urtean senatua antolatzea erabaki zuten. Pol Pot 1998an hil zen, eta, urte horretan bertan, Norodon Sihanouk erregeak amnistia eman zien jemer gorrien buruzagi nagusiei. 1999ko hasieran, jemer gorrien buruzagi nagusiek eskaini zitzaien bake prozesua onartu zuten eta gutxi batzuk baizik ez zuten jarraitu ipar-mendebaleko probintzietan. Ta Mok, Pol Poten oinordeko politikoa, atxilotu egin zuten eta espetxean hil zen, 2006an. Giza Eskubideen aldeko elkarte askoren eta NBEaren presioz, Hun Senen gobernuak jemer gorriak epaitu behar izan zituen, genozidioa egin izana salatuz. 2007an hasi zen epaiketa. Bestalde, Norodom Sihanouk erregeak bigarren aldiz utzi zuen erregetza eta Norodon Shamoni printzea, haren semea, izendatu zuten Kanbodiako errege.
http://www.cambodia.gov.kh/