Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kant, Hermann

Alemaniar idazlea (Hanburgo, 1926). Alemaniar hizkuntzako eta literaturako ikasketak egin zituen 1952. urtetik aurrera Humboldt Unibertsitatean. Irakasle eta kazetari bezala hainbat lan egin ondoren, 1959an Berlinera erretiratu zen idazteari ekiteko. Estatu sozialistaren aldeko konpromisoa hartu zuen, eta hori zela eta, Alemaniako Errepublika Demokratikoak hainbat sari eman zizkion eleberrien bitartez ideia sozialistak zabaltzeagatik. Alemaniako Errepublika Demokratikoko Idazleen Elkarteko lehendakaria izan zen. Lanen artean ditu: Die Aula (1965, Ikasgela), Das Impressum (1972, Inprimakia), Der Aufenthalt (1977, Egonaldia). Egonaldia eleberria zinemarako moldatu zuten 1983an. 1989an Idazleen Elkarteko lehendakaritza utzi behar izan zuen, Estatuaren Segurtasunerako ministerioaren informatzaile zela jakin zenean. Saiakerak eta kontakizun laburrak ere idatzi ditu. Hona hemen zenbait: Unterlagen (1982, Agiriak), Der dritte Nagel (1981, Hirugarren iltzea), Bronzezeit (1986, Brontzezko Aroa) eta Die Summe (1988, Batuketa).