Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

kanon

(Gr. kanon, Lat. canon, “arau”, “eredu”). iz. Art. Giza gorputzaren edertasuna aztertzen duen araudia. Kanonak gorputz atalen irudikapenak gorde behar dituen proportzioak ezartzen ditu. Antzinateko egiptoarren artean pinturak eta eskulturak egiteko kanonen bat erabili bide bazen ere, greziarrei dagozkie ezagutzen diren lehen kanonak. Hala, Polikletok bere idatzietan azaldu eta Doriforo izeneko eskulturan gauzaturiko kanona ondoko eskulturaren eredu izan zen: gorputz osoak zazpi bururen luzera hartzen duen gizon gazte, sendo eta atletikoa. Gero, Lisiporen giza irudi estilizatuagoa izan zen Erromako arteak segitu beharko zuen kanona (gorputzaren luzera: zortzi buru). Vitruvio arkitekto erromatarrak giza neurriak eraikuntzara eraman zituen; haren ideiek eragin handia izan zuten Errenazimentuko artistengan.  v  Mus. Konposizio mota, ahots edo musika tresna desberdinetarako idatzia. Ahotsak edo musika tresnak aurrekoaren kantua edo doinua errepikatzen du zenbait konpasetako tartearen ondoren. Tarteak zehatz-mehatz errepikatzen badira kanonak zorrotzak dira; bestela, libreak. Doinua hasten duen ahotsari dux (gidari) edo aurretiko deritza, eta jarraitzen dionari comes (lagun) edo ondorengo. Zortzi, bost eta lauko bitartez eginikoak dira ohikoenak. Melodiari dagokionez, ondokoa aurrekoaren inbertsioa izan daiteke (J.S. Bach-en Goldberg Aldaerak); ondokoa aurrekoaren amaieratik gora joan daiteke, amaieraren ahotsa normal aurreratzen den bitartean (J. S. Bach-en Musika eskaintza), eta bi mota horiek batera gerta daitezke. Herri musikan kanon molde errazak erabili ohi dira, hala nola Frère Jacques kantuan edo Aldapeko sagarraren-ean. XX. mendean, teknika honez baliatu dira A. Schoenberg, A. von Webern eta P. Hindemith musikagileak.  v  Alexandriako Kanona. Lit. Bizantzioko gramatikoek K.a. II. mendean eredutzat hartu zituzten autore klasikoen zerrenda.  v  Erl. Kristau elizek eta hedaduraz edozein erlijiok sakratutzat hartzen dituen liburuen zerrenda. || Santuen kanona. Santuen zerrenda ofiziala. || Zuzenbide kanonikoko kodizearen artikulua. || Elizako kontzilio batek dogmaren edo diziplinaren alorrean erabakitako araua. || Mezaren kanona. Mezaren partea, Te igitur-etik Paster Noster-rera bitartekoa.  v  Zuz. Zenbait arrazoirengatik (ustiakuntza, eragiketa komertziala edo industriala, errenta.) ordaindu edo kobratu beharreko diru kopurua.