Kanariak
Espainiako uhartedia eta autonomia elkartea, Atlantiko ozeanoan, Saharako kostaldetik 115 km-ra. 7.234 km2 eta 1.453.330 biztanle. Elkartea bi probintziatan banatzen da: Santa Cruz de Tenerife batetik, Tenerife, La Palma, Gomera eta Hierro uharteekin, eta Las Palmas bestetik, Gran Canaria, Lanzarote, Fuerteventura, Graciosa, Alegranza, Lobos, Montaña Clara, Roque de Este eta Roque del Infierno uharteekin. v Orografia. Uharteak sumendien jardueraz sortu ziren, Atlantiko ozeanoko Bizkarrezur Handiaren tolesduraren ondorioz, Hirugarren aroan. Mendebaleko uharteetan (Tenerife, Kanaria Handia, La Palma, Gomera eta Hierro), mendi handiak daude. Gailur nagusia Tenerifeko Teide mendia da (3.718 m). Azken piztualdia XVIII. mendean gertatu zen, nahiz oraindik bizirik egon. Ekialdeko uharteak (Lanzarote eta Fuerteventura) nahiko lauak dira. Lanzaroten batez ere nabarmentzen da sumendien eragina; uhartea sumendi gazteen labaz estalia dago eta errautsa eta lapillia pilatzen diren lekuetan bizi da jendea. v Landaretza eta klima. Ekialdeko probintziak Afrikatik datozen haize lehorren eraginpean daude. Mendi handirik ez dago, eta horren ondorioz, neguan ez baita kondentsatzen Atlantikoko haize hezea, urtean 300 mm euri baino gutxiago egiten du. Batez besteko tenperatura 25 °C-koa da. Mendebaleko uharteetan nahiko alde handia dago uharteen iparraldearen eta hegoaldearen artean; iparraldea, ozeanoaren eraginpean, hezea da, eta hegoaldea, berriz, lehorra da kontinenteko haize lehorrarren eraginez. Teide mendian, 2.000 m-ko garaieran, lurrun-eremu iraunkor bat dago, hezetasuna % 80-tik gora atxekitzen duena. Klima ugaritasun horren ondorioz landare mota asko garatu dira uhartean; horietatik 300 bat Kanariez beste inon ez dira hazten. Kostaldean oraindik ere geratzen da drago zuhaitz zaharraren motaren bat, galtzen ari dena. v Ekonomia. Nekazaritza izan da betidanik uharteetako jarduera nagusia; tipulak, bananak, patata goiztiarra, tomatea eta tabakoa. Arrantza garrantzitsua da, Kanaria-Saharako arrantzagunea hurbil baitago. Industriari dagokionez, kimika, petrokimika, kontserbak eta tabako lantegiak dira aipatzekoak. Zerbitzuek barne produktu gordinaren % 80 hartzen dute. Hotelen azpiegitura oso ona da, eta milioika bisitari joaten dira urtero Kanarietara. v Historia. Erromatarrek “Fortunatae Insulae” (Uharte zorionekoak) izena eman zieten Kanariei. Erromako Inperioa desagertu zenean ahaztu egin zituzten uharteak eta arabiarrek aurkitu zituzten berriz XI. mendean. XIII-XIV. mendeetan Kataluniako eta Mallorcako bidaiariek esploratu zituzten, eta Dulcert kartografoak bere mapan jarri zituen (1339). Garai horretan bertan heldu zen hara Genoako Lancelotto Malacelli, eta hark eman zion izena Lanzaroteri. XIV. mendearen bukaeran ontzidi euskaldun bat heldu zen uhartedira, eta harrapaketa handiak egin zituen eta jendea preso eraman zuen Iberiar Penintsulara. Baina uharteen konkista berez XV. mendean hasi zen, Juan de Bethencourt frantsesaren bidaldiaren ondorioz, 1403an, Gaztelako Henrike III.aren izenean. Dena den, Errege-erregina Katolikoen hedatze politikaren ondorioz Gaztelaren esku geratu ziren betiko Kanariak. 1478an Pedro de Vera Gaztelako gobernariaren ardurapean utzi zuten Kanaria Handiaren konkista. La Palma eta Teneriferen konkista (1492-1496), Indietako bideen hornidura baseak izateko egin zen. Uharteetako jatorrizko biztanleak (guantxeak), berberiar etniakoak, desagerrarazi zituzten. Garai hartan hasi ziren uharteak aberasten, Amerikarekiko salerosketa askatasuna eta azukre kanabera lantzeagatik. Sarritan jasan zituzten erasoak ordea, aljeriar piratenak lehenbizi eta holandarrenak gero, eta horregatik aginpide militar eta zibil osoa zuen gobernari baten mende zeuden. XVII. mendearen lehen erdialdean ezbehar handiak izan ziren (sumendien piztualdiak, izurriak) eta salerosketa arazoak Ingalaterrarekin eta Amerikarekin; haien ondoren ekonomia krisi larria etorri zen. XIX. mendean nekazaritza berritu zen arte (tabakoa, tomatea, patata eta banana hasi ziren lantzen) ez zen gainditu krisia. 1927an uharteak bi probintzietan banatu ziren: Santa Cruz de Tenerife eta Las Palmas. 1981ean uhartedia Espainiako Autonomia Elkarte bihurtu zen.