Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kanada

(Ing. eta Fr., Canada). Ipar Ameriketako estatu federala, britainiar Commonwealth-eko kidea, munduko bigarren herrialderik handiena; kontinenteko lurraldea ez ezik, hainbat uharte hartzen ditu Kanadak, besteak beste, Baffin, Banks, Victoria, Devon, Ellesmere, Melville, Axel, etab. 9.976.140 km2 eta 32.700.000 biztanle (2006, kanadarrak). Mugak: iparraldean Ipar Itsasoa, hegoaldean Estatu Batuak, ekialdean Ozeano Atlantikoa, mendebaldean Itsaso Barea, eta ipar-mendebalean Alaskako estatua. Hiriburua: Otawa (920.857 biztanle). Hiri nagusiak: Toronto, Montreal, Vancouver, Edmonton, Calgary. Etnia nagusiak: jatorri britainiarrekoak % 44, frantsesak % 27, beste europarrak % 20, amerindiarrak % 1,5. Hizkuntza ofizialak: ingelesa, frantsesa. 10 probintzia eta 2 lurraldetan dago banatua. Erlijioak: katolikoak, % 45, protestanteak (batez ere Eliza Batua), % 12. Dirua: Kanadako dolarra. ■ Lurralde zabala eta aberastasun handikoa da Kanada. 1867az gero da burujabea, baina baditu Britainia Handiarekiko lotura formal batzuk. Ekonomia eta teknologia Estatu Batuetakoarekin batera garatu da. Arazo politikoak ditu Québec-eko probintziarekin.  v  Orografia eta hidrografia. Bost zati bereizten dira Kanadako lurraldean: a) Kanadako lur-kroskoa, Hudson badiaren sakana inguratzen duen eta luzaroan orogeniarik jasan ez duen lur geruza, Ipar Ameriketako kontinente-gune nagusia dena. Lur laua da, baina muino apalak eta aintzirak ditu tarteka, eta ertza jasoa (Churchill mendiak, 2.000 m inguru, iparraldean). Kanadako lurraldearen erdia baino gehiago hartzen du (5.000.000 km2). b) Kanadako lur-kroskoaren eta Mendi Harritsuen arteko zabaldia. Lur emankorrak eta belardi ugariak ditu, eta mendebaletik ekialdera makurtutako hiru ordoki nagusi bereizten dira bertan: behekoa, Manitobako probintziaren mendebalean; erdikoa, Saskatchewan ibaiaren hegoaldean; goikoa, Albertako probintzian. c) Hego-ekialdeko mendiak, Apalatxe mendien adarrak. Mendi txikiak dira, eta baso zabalak daude bertan, Eskozia Berriaren erdian eta Ternuan izan ezik, horiek lur soil harritsuak baitituzte. d) Aintzira Handien eta San Lorenzo ibaiaren sakanak Quebec eta Ontarioko hegoaldean. d) Kanada iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duten eta goi-ordoki batek bereizten dituen mendebaleko bi mendi kateak: Mendi Harritsuak (Robson, 3.945 m) ekialdean, eta Itsasertzeko mendi katea mendebalean (Logan, 6.050 m).  v  Mendi Harritsuek ur isuriaren banalerroa eratzen dute. Mendebalean sortzen eta Itsaso Barean isurtzen duten ibai gehienak laburrak eta ur emari lasterrekoak dira (Columbia eta Fraser dira nagusiak); ekialdean sortzen direnak, berriz, Ipar Buruko ozeanoan eta Hudson badian isurtzen dute ura, eta luzeak dira (Mackenzie ibaia, 3.700 km). Bestalde, garrantzi handia du San Lorenzo ibaiak (1.300 km); ontziz ibiltzeko egokia da, eta Atlantikoaren eta Aintzira Handien arteko garraiorako erabiltzen da. Churchill, Nelson, Severn eta Albany ibaiek ere Hudson badian isurtzen dute ura. Aintzira asko eta handiak daude Kanadan. Glaziarrek sortutako aintziren artean, Oso, Esclavo, Athabasca, eta Winnipeg dira nagusiak, elkarren artean ibaiez lotuak daudenak. Aintzira Handiek (Superior, Huron, Erie eta Ontario) 2.400 km2 hartzen dituzte eta Kanadaren eta Estatu Batuen arteko muga dira. Ontario eta Eire aintziren artean dago mundu osoan ezaguna den Niagarako ur-jauzia. Neguan ibai eta aintzira asko izoztu egiten dira, eta batzuetan Niagarako ur-jauzia bera ere bai.  v  Klima eta landaretza. Kanadako klima kontinentekoa da. Iparraldekoa artikoa da; zortzi hilabetez batez besteko tenperaturak 0 °C baino apalagoak dira, eta uztailean adibidez ez dira 10 °C-tik igotzen. Urtarrilean, Itsaso Bareko ertzak bakarrik izaten ditu, itsasoaren eraginez, 0 °C-tik goragoko tenperaturak batez beste. Hilabete horretan Kanadaren erdialdean tenperaturak oso hotzak dira: -10 °C Superior aintziraren parean, -30 °C Hudsongo badiaren kostaldean, eta zertxobait igotzen dira Atlantikoko itsasertzean (0 °C-tik 5 °C-ra Eskozia Berrian). Pinudiak lurralde artikoetako hegoaldean daude. Iparraldea tundraz estalia dago. Hego-ekialderantz joan ahala pinudiak desagertuz doaz eta hosto erorkorreko zuhaitzek hartzen dute haien lekua, klima gozoagoa baita. Belardietan lehorte hilabeteak direla eta, landaretza estepakoa da. Itsasotik hurbil dauden mendietan euri asko egiten du eta pinudiak baso handiz estaliak daude. Barnealdeko ordokiak idorrak dira, eta landaretza pobrea da.  v  Uharteak. Kanadan uharte asko dago, bai itsasokoak bai ibaietakoak. Hauek dira handienak: Anticosti, Baffingo lurraldea, Banks-eko lurraldea, Capbreton, Devon, Ellesmere, La Madeleine, Melville, Mil-Islas, Galesko printzeraren uhartea, Eduardo printzearen uhartea, Karlota erreginaren uhartea, Elisabet erreginaren uhartea, Gilermo erregearen lurraldea, Sable, Somerset, Southampton, Ternua eta Victoria. ■ Biztanleak. Kanadako biztanleen artean jatorri desberdin askotako herritarrak bereizten dira. Gehientsuenak jatorri europarrekoak dira: biztanleen % 44 inguru jatorriz britainiarra da, eta % 28,7 frantsesa (Québec eta Ipar-mendebaldeko Lurraldeetan batez ere). Biztanleen hiru laurden inguru Estatu Batuetako mugako lurraldean zehar bizi dira; Ontario eta Québec dira jende gehien bizi diren lurraldeak. Bizi itxaropena oso garaia da, 79,37 urtekoa. Gaur egun 800.000 inguru indigena, inuit-ak eta meti-ak, dira Kanadan, baina 350.000 inguru bakarrik dago indigena gisa ezagutua eta horiek dira erreserbertan bizi direnak. Gainerako mestizo eta indigenak beren eskubideen alde borrokan ari dira eta azken urteetan indar hartzen ari dira, indiar elkarte politikoei esker. 1990eko hamarraldian protesta ugari egin zituzten indiarrek, beren eskubideen eta lurraldeen eskakizunei dagokienez. Aipagarriak izan dira mohawk indiarren ekintzak, edo piegan indiarrenak. 1992an Ipar-mendebaldeko Lurraldeetako boto emaileek beren lurraldea bitan banatzea onartu zuten, parte bat inuiten lurralde zelako, eta gobernuak autogobernurako eskubidea onartu zien azkenik inuitei. ■ Ekonomia. Teknologia aurreratuko gizarte industriala eta bizi maila altukoa da, mendebaldeko herrialdeen saileko aurreratuenetakoa, baina Estatu Batuekiko mendekotasun handiena duena (esportazioen % 80 eta inportazioen % 60 dago haren mende). Bigarren Mundu Gerraz geroztik ikusgarria izan da eskulangintzaren, meatzaritzaren eta zerbitzuen alorraren igoera, eta XX. mendea arte herri nekazari izandakoa eta herrialde urbano eta industriala izatera iritsi zen. Langile gehienek zerbitzuen alorrean dihardute lanean, baina ekonomiaren barruan garrantzi handiko jarduerak dira meatzaritza, nekazaritza eta industria. 1993az geroko barne produktu gordinaren hazkundea % 3koa izan da. Langabezia murrizten ari da eta aurrekontuen kopuru handi bat erabiltzen da alor publikoaren zorrak ordaintzeko. 1989an merkataritza askerako hitzarmen bat sinatu zen Estatu Batuen eta Kanadaren artean (FTA) eta 1994an Ipar Ameriketako Merkataritza Librerako Hitzarmena (NAFTA, Mexiko barne hartzen duena) sinatu zuen; horren eraginez Estatu Batuekiko lotura areagotu zen merkataritzari eta, oro har, ekonomiari dagokionez. Lotura horrek eta Asiako eta Errusiako krisiak kalte handia eragin diote kanpora begira antolaturiko ekonomia izaki. ■ Kanadak baliabide natural aberatsak, langile trebeak eta azpiegitura modernoak ditu, eta horrek etorkizun oparoa aurreikusteko baldintzak ematen ditu. Dena dela, ingeles eta frantses eremuen arteko egoera nahasia dela-eta gerta daiteke federazioa banatzea, eta horrek atzerriko inbertsoreak galaraz ditzake. ■ Kanadako baliabideen artean azpimarratzekoak dira petrolioa, nikela, zinka, kobrea, beruna, urrea eta abar. Munduko lurpeko aberastasunen esportatzaile handienetakoa da. Industriari dagokionez aipatzekoak dira meatzaritzarekin lotura dutenak, elikagai industria, egurra eta papera, kimika industria eta gas naturalarekin lotura duena. Nekazaritzako gai nagusiak, berriz, artoa, garia, tabakoa, garagarra dira. Iparraldean izoztuta egoten da lurra denbora askoan eta horrek arazoak dakarzki garapenerako. Bestalde, zikloiak gertatu ohi dira Mendi Harritsuetan. Ingurunearekin loturiko gorabeheretan bereziki aipagarriak dira eguratsaren kutsadurak eta horren ondoriozko euri azidoak aintziretan eta basoetan eragiten dituen kalteak, eta orobat, nekazaritzari eta basoei kalte egiten dieten isuriak; bestalde, ozeanoko ura kutsatzen ari da. ■ Gobernua eta administrazioa. Kanada federazio burujabe bat da, demokrazia parlamentarioan oinarritua. Hamar probintzia eta hiru lurraldez osatua da: Alberta, British Columbia, Manitoba, New Brunswick, Newfoundland, Ipar-mendebaldeko Lurraldeak, Nova Scotia, Nunavut, Ontario, Prince Edward Island, Québec, Saskatchewan eta Yukon Lurraldea. Estatu federala izaki, bertako administrazio barrutiek eskumen handia dute, besteak beste, osasungintzan, hezkuntzan, ingurumenean edota lurralde antolaketan. Québec-en izan ezik, gainerako lurraldeetan ingeles legea da oinarria; Québec-en, aldiz, frantses legediari jarraitzen diote. Estatuburua Britainia Handiko erregina da, eta hark aukeratutako gobernadore bat du ordezkari. Gobernuari dagokionez, berriz, Lehen Ministroa da burua, gobernadoreak legebiltzarrerako hauteskundeetan boto gehien ateratzen duen alderditik izendatzen duena, eta legebiltzarra du lagun. Aginpide legegilea legebiltzarraren esku dago; bi ganbera daude, senatua eta komunen ganbera. ■ Historia. Lehen biztanleak orain dela 20.000 bat urte heldu ziren Kanadara, ur mailaren beheratzeak igarobidea libre utzirik Asiatik zetozen ehiztari taldeek Bering-ko itsartea igaro zutenean. IX. mendean irlandarrek, bikingoek Islandiatik bidali baitzituzten, San Lorenzoko golkoan hartu zuten egoitza. 1000. urte inguruan bikingoak Leif Eriksonen agintepean Labradorko kostaldera joan ziren, eta Vinland (“Mahasti lurraldea”) jarri zioten izena lurralde hari. Lehen talde horiek ez ziren ordea zabaldu. 1497an Giovanni Caboto veneziarrak esploratu zituen, Ingalaterraren zerbitzutan, Labrador, Ternua eta Ingalaterra Berriko kostaldeak. 1543an Jacques Cartier, San Lorenzo ibaian gora, Hochelagako indiar herrira heldu zen. XVI. mendearen bigarren erdian euskal baleazaleek Ternuako kostaldeetan hartu zuten egoitza eta dirudienez baita Eskozia Berrian ere; gero frantsesek egotzi zituzten handik, XVII. mendearen lehen erdian. Lehen kolonizazio saioak Samuel Champlain-ek egin zituen, eta hark fundatu zuen Quebec 1608an lehen frantses kolonoak eramanda. 1627an Richelieuk Frantzia Berriko konpainiari eman zion salerosketa monopolioa, baina kapital faltaren ondorioz asmo hark ez zuen onik izan. 1663an Luis XIV.ak, Colbert-en aholkuz, Frantzia Berria, Kanada alegia, erregearen agintepean ezarri zuen, eta handik aurrera kolonia moldeko administrazioa izan zuen. Indiar irokiarrak menderatu zituzten; etorkinak ugaritu ziren eta kolonia 20 urtean 2.000 biztanle izatetik 10.000 izatera igaro zen. 1684an beste gerra bat hasi zen irokiarren kontra, larruen salerosketa zela eta. Ingelesekin ere garai hartan hasi ziren istiluak; Hudsongo badiaren kostaldean bizi ziren ingelesak. Ingalaterrak, Utrech-ko itunaren bidez (1713), Acadia (Eskozia Berria), Ternua eta Hudsongo badia eskuratu zituen. Zazpi Urteko gerran berriz ere istiluak sortu ziren Frantziaren eta Ingalaterraren artean koloniaren nagusitasuna zela eta, eta frantsesek Quebec (1759) eta Montreal (1760) galdu zituzten. Parisko hitzarmenak Frantzia Berria Ingalaterrari ematea berretsi zuen. Britainiarren agintepean, 1774an, Quebec-eko akta izenpetu zen, koloniako lehen konstituzio legea; konstituzio haren arabera Kanadako biztanleak britainiar herritarrak ziren; lege penal ingelesaren mende zeuden, baina lege frantses zaharrei eutsiz. Ipar Ameriketako britainiar kolonien matxinada hasi zenean, Kanadako biztanle britainiarrek laguntza eskaini zieten, baina, frantses hizkuntzako biztanleen leialtasunari esker, koloniak erregetzari leial jarraitu zuen. Ipar Ameriketako Independentziaren gerraren ondoren (1775-1783), erregetzari leial ziren kolono asko Kanadara joan ziren eta Brunswick Berriko eskualdea sortu zuten. Britainiar biztanleen olde berri honen ondorioz idatzi zen 1791ko Konstituzio Agiria, lurraldea bi zatitan banatzen zuena: Kanada Garaia (Ontario, hizkuntzaz ingelesa), eta Kanada Beherea (Quebec, frantsesa), bakoitzak bere parlamentua zuela. 1812an Estatu Batuetako osteak sartu ziren Kanadan, eta han geratu ziren 1814an, Ganteko itunaren bidez, Ingalaterraren eta Estatu Batuen arteko bakea izenpetu zen arte. 1817-1832 artean Britainia Handitik zetozen 120.000 etorkin heldu, eta biztanleen kopurua 1.400.000ra igo zen. 1837-1838 artean gobernuari erantzukizun handiagoa eta metropoliarekiko askatasun gehiago eskatzen zioten matxinadak piztu ziren, eta Lord John Durham-ek, Londrestik etorrita, bi koloniak batzea erabaki zuen (Batasunaren Agiria, 1840). Konstituzio berri honek Kanadaren alderdi britainiarrari askoz indar handiagoa ematen zion, parlamentuan parlamentari kopuru bera ematen baitzien frantsesei eta ingelesei, nahiz eta jatorri frantsesekoak askoz gehiago izan. 1848an erreformazaleek ministerioaren erantzukizun osoa onartzea lortu zuten biltzar legegilearen aurrean. Urte horretan bertan ekonomia egonkortasun garai bat hasi zen, komunikabide berriak sortu eta, Krimeako gerraren ondorioz, gari esportazioak gehiagotu zirelako. Beste ekonomia krisi bat izan zen 1860an eta harekin batera koloniako biztanleen ezinegona sortu zen. Egoerari irtenbide bat emateko Britainiar Ipar Ameriketako Agiria idatzi zen (1867), Kanadako Konfederazioa sortzen zuen Konstituzio federala, eta lau probintzia elkartzen zituena: Brunswick Berria, Eskozia Berria, Ontario eta Quebec. Gero elkartu zitzaien Konfederazioari Manitoba (1867), Britainiar Columbia (1871) eta Eduardo printzearen uhartea (1873). Mendebalerako emigrazioak eta Canadian Pacific Railway-en sorrerak indiarren matxinadak eragin zituzten 1869, 1884 eta 1885ean. Mendebaleko hedapenak lurraldea zabaldu zuen Saskatchewan eta Albertako probintziekin. Elkartu zen azkena Ternua izan zen, 1949an. 1931. urtean, Westminsterko estatutuaren bitartez, burujabetza osoa lortu zuen Kanadak. Bigarren Mundu Gerran lehen aldiz parte hartu zuen Kanadak gerra batean estatu burujabe gisa, eta Ingalaterraren bihi horniduraren ziurtatzaile izan zen gainera. 1935etik aurrera, John Diefenbaker-en gobernu kontserbadorearen garaian izan ezik, liberalek izan zuten agintaritza. 1968an Pierre Elliot Trudeau aukeratu zuten Lehen Ministro; hizkuntza ofizialtzat onartu zituen frantsesa eta ingelesa eta konstituzioa berritzen saiatu zen, baina mendebaleko probintzietako kontserbadoreek kontra egin zioten; horrez gainera, Quebec-eko Liberazio Frontearen indarrezko nazionalismoari ere aurre egin behar izan zion. Joe Clark-en garaipenaz kontserbadoreek hartu zuen berriz aginpidea 1979an, baina Clark-ek urte hartan bertan aurkeztu behar izan zuen dimisioa. 1980an Trudeauk irabazi zituen hauteskundeak, baina 1984an alderdi liberalaren buruzagitza utzi eta dimisioa eman zuen. Turner izan zen haren ondorengo alderdi liberalaren eta gobernuaren buru gisa, baina urte hartako irailean alderdi kontserbadoreak irabazi zituen hauteskundeak. Martin Brian Mulroney hautatu zuten Lehen Ministro, eta kontserbadoreek irabazi zuten berriz 1988an. Thatcherren eta Reaganen politikei jarraitu zien Mulroneyk ekonomian; aurrekontuen defizita murrizten eta inflazioa jaisten saiatu zen, enpresak liberalizatzeko neurriak hartu zituen, zergak eraberritu zituen, eta kanpoko inbertsioak erakartzeko ahaleginak egin zituen (zenbait hitzarmen sinatu zituen, besteak beste, Estatu Batuekin). 1990eko hamarraldian tentsio egoerak izan dira Québec-eko abertzaleen eta gobernu federalari nagusitasuna ezagutzen diotenen artean. Izan ere, 1986an hitzarmena sinatu bazen ere, Québec-eko eskakizunei jarraituz, Kanadako konstituzioa aldatzeko, bi probintziak ez zuten onartu aldaketa proiektua eta bertan behera gelditu zen. Dena dela, 1992rako beste proposamen bat egin zen, eta erreferendumera eraman zen, baina ez zen onartu. Politikan gorabehera handiak izan ziren arren, ekonomian ahalegin berezia egin zuen Mulroneyk, baina 1993an, ekonomiaren gainbeheraren eta gorabehera politikoen eraginez, bertan behera utzi zuen bere kargua. Kim Campbell izan zuen ondorengo, Kanadako Lehen Ministro izatera iritsi zen lehenengo emakumezkoa, hain zuzen ere. Baina urte hartan bertan hauteskundeak egin ziren eta liberalek irabazi zuten, gehiengoz. Jean Chrétien izan zen garaile. Bloc Québecois delakoak indar handia hartu zuen, halaber, Québec-en independentziaren alde agertu izanari esker, eta harrezkero Québectarren eskakizunak areagotu egin dira. 1995ean Québec-en independentziari buruzko erreferenduma egin zen eta ezezkoa atera zen, oso tarte txikiagatik, eta Chrétienek hauteskundeak aurreratu zituen, bere kargua galtzeko beldur baitzen. 1996an Kanadako gobernuak probintziei eskumen gehiago eman zizkien, Bloc Québecoiseko buruzagi Lucien Boucharden eskutik, nazionalismoak baretzearren eta, batez ere, Québec-en independentzia grina baretzearren. Baina Québec-i emandako eskumenak zirela-eta, areagotu egin zen mendebaldeko probintzien etsaitasuna gobernu federalaren kontra. 1997an hauteskundeak egin ziren eta alderdi liberala atera zen berriro irabazle, baina lekuan lekuko alderdi erregionalisten indarra areagotu egin zen. 1998an, lurralde barrutietako hauteskundeak egin ziren Québec-en eta Bloc Québecoiseko buru Lucien Bouchardek lortu zuen berriro garaipena, baina ez zuen lortu independentziari buruzko erreferenduma antolatzeko adinako indarrik. 1999an, Ottawako gobernuak autonomia eman zion Kanadako ipar-ekialdeko Nunavut lurraldeari. 2000. urteko hauteskundeetan, Kanadako Alderdi Liberalak irabazi eta Jean Chrétien izendatu zuten lehendakari. 2003an, Chrétien erretiratu egin zen eta Paul Martin izan zen haren ordez lehendakari. 2004ko hauteskundeak Martinen alderdi liberalak irabazi zituen berriz, baina berehala ustelkeria salaketa handiak izan zituen. 2005ean, hiru alderdi (Alderdi Kontserbadore Aurrerazalea, Bloc Québécois eta New Democratic Party) elkartu, eta gobernutik bota zuten Martin. 2006ko hauteskundeak Kanadako Alderdi Kontserbadore Aurrerazaleak irabazi zituen, eta, harrezkero, Stephen Harperrek gobernatzen du, gehiengorik gabe.
http://canada.gc.ca/home.html