Kanaky
edo Kaledonia Berria. Melanesiako uhartea, Itsaso Barearen hego-mendebalean dagoena (Koral itsasoa), Queensland-eko kostaldetik 1.400 km-ra, Kaprikornioko tropikoa baino goraxeago. Frantziak itsasoaz bestalde dituen lurraldeetako bat da. 19.200 km2, bere mendeko lurraldeekin batera (Loyauté uharteak, Walpole, Pins, Belep, Surprise, Huon eta Chesterfield). 145.368 biztanle, horietatik % 43 melanesiarrak (kanakak) dira. Hiriburua: Noumea. v Geografia. Uhartea ipar-mendebaletik hego-ekialdera hedatzen da; 400 km luze da, eta 40-50 km zabal batez beste. Mendi kate batek zeharkatzen du; gailur gorenak 1.650 m ditu. Koralezko arroka zerrenda batez inguratua dago. Klima tropikoz behekoa da, eta hego-ekialdeko haize alisioen eraginpean dago. v Ekonomia. Kaledonia Berriko ekonomia nikelaren ekoizpenean oinarritzen da. Thion eskuratzen da eta Doniambon lantzen, Noumeatik gertu. Gaur egun munduko hirugarren nikel ekoizlea da, Kanadaren eta Errusiaren ondoren. Bestelako meetan ere aberatsa da uhartea (kromoa, kobaltoa, burdina, manganesoa eta urrea). Nekazaritzak, artzaintzak eta arrantzak ez dute garrantzi handirik, eta industriak ere ez. v Historia. Cook-ek aurkitu zuen 1774an, eta 1843an iritsi ziren hara frantses misiolariak. 1853an Fèbvrier Despointes militarrak hartu zuen uhartea Napoleon III.aren izenean. 1864-1896 bitarteko urteetan kolonietako espetxetzat erabili zuten, baina kolono libre askok ere hartu zuten han egoitza. Haien gehiegikeriek kanaken matxinada ekarri zuen 1878an. 1942an, Bigarren Mundu Gerran, Estatu Batuek hartu zuten. 1946an itsasoaz bestaldeko frantses lurralde izendatu zuten (T.O.M., territoire français d’outre-mer). 1976an administrazio autonomia lortu zuen, eta 1984an barne autonomiako estatutua. 1984ko azaroko hauteskundeetan borroka gogorrak izan ziren uhartearen burujabetzaren aldeko ziren kanaken eta frantsesen aldekoen artean; 1988an berriz ere istilu latzak izan ziren. 1998an autodeterminazioari buruzko erreferendum bat egingo da.