Kalmukia
Errusiako Errepublika autonomoa, Errusiaren Europako aldeko hegoaldean, Kaspiar Itsasoaren ertzean, Volga ibaiaren eta Kaukaso mendien arteko ordokian. 75.900 km2. 320.000 biztanle (1985). Biztanle proportzio handiena errusiarrena da (% 45,8), eta ondoren kalmukena (% 41), kazakhena (% 6); horien atzetik txetxenoak eta dagestandarrak dira ugarienak. Kalmukak XVII. mendean Asiatik etorriak dira. Erlijio nagusia: budismoa. Hiriburua: Elista (81.000 bizt.). Lurraldearen erdia baino gehiago itsasoaren mailaz behetik dago: Kaspiar Itsasoaren sakana handian. Nekazaritza ureztatze artifizialari esker egiten da. Abere hazkuntza: behiak. Industriari dagokionez, arrantzarekin loturik daudenak eta eraikuntza gaiak dira nagusiak. v Historia. 1917ko Iraultzaren ondoren lurralde autonomo gisa antolatu zen, eta 1935ean errepublika autonomo bihurtu zen. 1943an, kalmukak alemaniar nazien laguntzaile zirela salaturik, errepublika autonomoa kendu egin zen. 1957an ordea, berriro egin zen lurralde autonomo, eta hurrengo urtean errepublika autonomo bihurtu zen berriro.