Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kairo

(Arab. Al Kahira). Egiptoko hiriburua, Erdialdeko Egiptoko iparraldean dagoena, Niloren eskuinaldeko ibarrean eta Mukatam mendiaren mendebalean. Afrikako eta arabiar munduko hiri garrantzitsuena da. 6.452.000 biztanle (1990). Gobernuaren egoitza- eta unibertsitategunea da: Al Azhar arabiar unibertsitatea, Amerikar Unibertsitatea, Giza-ko Unibertsitatea eta Ain al Shams Unibertsitatea.  v  Artea. Kairoren bilakaera historikoaren arkeologia aztarna eta monumentu artistiko ugari gorde dira hirian: Auzune Koptoa (San Sergio eliza, V. mendean eraikia eta XI. mendean berriz moldatua); hiri hesitua, Aladinok XII. mendean eraikia; Hasan sultanaren madrasa, XIV. mendekoa, eta garai askotako ia 500 mezkita. Kairon daude bestalde Egiptoar Museoa, Museo Koptoa eta Arte Islamiarraren Museoa, arte mota horietako munduko bilduma nagusiak dituztenak.  v  Historia. Faraoien garaian ezaguna zen lekua: Horus-en eta Seth-en arteko borroka han izan zela esan ohi zen. Erromatarrek gotorleku bat eraiki zuten bertan, Babilonia izenekoa. Hiria bera fatimarrek sortu zuten 969an, abbasiarren hiriburu zen Bagdadi lehia egiteko. Garai oparoena mamelukoena izan zen, izurri gogorrak zabaldu baziren ere (1295, 1347 eta 1492an). Otomanoen aginpideak ez zion aldaketa nabarmenik eragin hiriari. Bigarren Mundu Gerraren ondoren oso bizkor hasi zen handitzen: hala, 1945ean 1.300.000 biztanle zituen, eta gaur egun 13.000.000 ditu, ingurunea ere kontuan hartuta.