kafe
iz. Kafeondoaren fruituaren hazia, txigortuz gero beltza dena; delako haziez egiten den edari beltz pizgarria. || Kafetegia. || Kafe(-)denda. Kafea saltzen dena. || Kafe(-)errota. Kafea ehotzeko tresna. || Kafe-eten. Kafea hartzeko egiten den etenaldia. || Kafe(-)etxe. Kafetegia. || Kafe(-)landare. Kafeondoa. v Kafe kafeinagabea. Kafeina kendu zaion kafea. v Hist. Landare hori jatorriz Afrika ekialdekoa da (Etiopia, Uganda, Kenya eta abar) eta oraindik ere basa landare gisa aurki daiteke han. Gala herriek janari eta bizigarri gisa erabiltzen zuten, baina mastekatua, inoiz ez edabe gisa. VI. menderako Jemenen lantzen bazen ere, haren erabilera ez zen XVII. mendea arte sartu Europan eta Ameriketan. Europan laster zabaldu zen eta Mokako (Jemen) portuan erosten ohi zen. Holandarrak izan ziren Asian eta Ozeanian kafeondoa bertara egokitzea lortu zutenak, eta geroago Ameriketara (Guyana) eraman zutenak. Frantsesek, berriz, Antilletara eraman zuten eta handik Brasilera eta Hego Ameriketako beste herrialdeetara. Landare honek hainbat ingurumenetara egokitzeko duen ahalmeari eta hibridazioari esker, gaur egun kafe mota eta aldaera ugari dago; horien artean arabika, canephora eta liberica dira nabarmenak. Horietatik lehena da munduan gehien erabiltzen dena. Aleak 10-15 urte iraun dezake biltegian tenperatura egokian edukiz gero, eta edabe hobea egiten da hala zainduta txigortzen den alearekin. Kafeina izeneko gai bizigarri bat du alean. Kafea bizkorgarria da, nerbio sisteman eta zirkulazio aparatuan du eragina; kafeina duen alkaloide bati zor zaizkio ahalmen horiek.