kabala 2
iz. Juduen artean, Idazki Sakratua ulertarazi eta azaltzen zuen ahozko tradizioa. || Sineste batzuetan, zerbait asmatzeko egiten den kalkulu berezia. || Susmo, suposizio, burutapen. || Azpikeria, azpijoko. v Fil. Juduen erlijioan XII-XVII. mendeetan garatu ziren dotrina mistiko eta metafisikoen multzoa, ezkutukoa. Kabalarekin zerikusia duen testu zaharrena Sefer Yesira (Kreazioaren liburua) dela dirudi, Palestinan hebreeraz III. edo IV. mendean idatzia. Liburu horretan munduaren sorkuntza sefirot izeneko oinarrizko hamar zenbakien existentziari dago lotua, eta hebrear alfabetoko 22 letren konbinazioei. 1180aren inguruan agertu zen Frantzian Sefer ha-Bahir (Distiraren liburua), Kabalako lehen liburutzat hartzen dena; iritzi teosofikoz osatua dago; iritzi horiek Bibliako iruzkin gisa daude moldatuak eta Talmudeko iturrietatik hartuak dira. Hurrengo mendean agertu ziren Gaztelan Sefer ha-Temuna (Irudiaren liburua), eta Sefer ha-Zohar (Aintzaren liburua), Kabalako liburu garrantzitsuentzat jotzen dena. Moises de León espainiar rabiarena dela uste da; eleberri filosofiko eran moldaturik Bibliako testuei buruzko iruzkinek osatzen dute liburua. XVI. mendean pentsalari juduek aztertu zuten Kabala, horien artean Moises Cordoverok eta Ishaq Luriak, Safed-en, Palestinan. Azkenean, ordea, Kabalaren filosofia edukia kabalaren praktikak ezkutatu zuen, praktika horrek magiarekin zerikusi gehiago baitzuen teosofiarekin baino.