Kabalevski, Dimitri Borissovitx
Sobietar musikagile eta pedagogoa (San Petersburgo, 1904 - Mosku, 1987). Moskuko Musika Kontserbatorioan ikasi zuen Miaskowskirekin (konposizioa) eta Goldenweiserrekin (pianoa). 1939. urtetik aurrera konposizioko irakaslea izan zen, eta 1940ko hamarkadan, hainbat artikulu idatzi zuen Sovietskaïa Musika aldizkarian. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Europan zehar ibili zen pianista gisa bere lanak interpretatzen. Musika lan desberdin ugari konposatu zituen: kontzertuak, ganbera musika, sinfoniak nahiz operak. Bere musika lan asko musika herrikoian daude oinarrituta. Sobiet Batasunaren Estatuaren saria irabazi zuen hainbat urtetan (1946, 1949, 1951 eta 1966an) eta Herriaren Artista izendatu zuten 1963an. Lanen artean ditu: Haurrentzako piezak (1937-1938), 24 Preludio (1943), Shakespeareren sonetoak (1953), Leninistak (1959), Colas Breugnon (1938, opera) eta Nikita Verchinine (1955, opera).