Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jordaens, Jacob

Flandriar margolaria (Anberes, 1593 - Anberes, 1678). Adam Van Noorten ikaslea izan zen eta haren alabarekin ezkondu zen. Anberesko pintoreen taldeko dekanoa izan zen 1621etik aurrera. Jordaens-en estiloan berebiziko garrantzia izan zuten Rubensen lanak, Caravaggiorenak eta Bassanorenak. 1630. urtea arte egindako koadroetan argi-itzalak, oso landuak, eta kolore ugariak eta aberatsak erabili zituen; gerokoek, ordea, aberastasuna eta indarra galdu zuten. Bere sorterriko gaiak izan zituen oinarri, jaiak, festak, etab. Errege haurra lanean, Flandriako burgesen eta nekazarien irudiak egin zituen. Kalbinista egin zen, baina eliza katolikoetan ere lan handia egin zuen. Jordaensek egindako erretratuak arrakasta handikoak izan baziren ere, genero hori ez zuen asko landu. Ruytergo almirantea eta Andre zaharra dira erretratu ezagunenak. Beste lan aipagarri batzuk: Ebanjelariak, Nassauko Frederiko Henrikeren garaipena, Martin Santua gizon bat sendatzen, Moises haitza jotzen, etab.