Jerusalem
(Hebr. Yërushalayim, Arab. al-Quds). Palestinako hiria. Israel estatuko hiriburua da baina Nazioarteko Elkarteak ez du hala onartzen. Judeako mendietan dago. 556.000 biztanle (1990); biztanleria munduko leku askotatik iritsia da. Judu, kristau eta musulman erlijioen hiri sakratua da. Zerbitzuen saila da indartsuena ekonomian, industriak ere garrantzia du eta baita bitxigintzak ere. Turismo ugari dago, hiru erlijiorentzat baita hiri sakratua. Kristauentzat Hilobi Santua da interesgune nagusia, eta Haram-esh-Sherif izenekoa musulman eta juduentzat. Hiriaren zati bat Jordaniarena zen eta bestea, berriz, Israelena. Azken honek Jordaniaren zatia menderatu zuen 1967an, Sei Egunetako Gerran. v Arkeologia eta historia. v Antzinako Jerusalem. Kanaandarren garaian, bat egin zuten haien eta hebrearren erreinuek. Dabid erregeak Jerusalem jarri zuen hiriburu K.a. X. mendearen hasieran eta harresi batez inguratu zuen. Jahve jainkoaren ohoretan tenplu bat eta honen inguruan beste zenbait eraikuntza altxatzen hasi zen Salomon, Dabiden semea. Nabukodonosorren babiloniarrek deuseztatu zuten hura guztia K.a. 587an. Judaren erreinuko Ezekias erregeak aldakuntza garrantzitsuak egin zituen, Guijon-dik Tyrapeas haraneko urtegira ura eramateko tunela adibidez. Zirok askatu zuen hiria babiloniarrengandik. Lagida eta selenzida taldeen esku egon zen gero eta ondoren makabearrek hartu zuten. Ponpeioren erromatarrek Palestinar herria menderatu zuten K.a. 63ean. Herodes, Edomen jaioa, izan zen errege eta lan ugari egin zituen hirian: monumentuak eraiki, tenplua konpondu... Titok desegin zituen lan horiek baina juduek Jerusalem berreskuratu eta berriro eraiki zuten K.o. 132. urtean Simon bar Kokba buruzagiak gidatutako iraultzari esker. Handik gutxira, ordea, erromatarrek txikitu zuten eta Colonia Ælia Capitolina izena jarri zioten. IV. mendetik erromes hiria izan zen, kristauen erromes hiria alegia. Konstantinok eta bere jarraitzaileak Kristorekin harremana zuten inguruak eta eraikuntzak edertu zituzten. v Musulmanen garaiko Jerusalem. Islamak areago jaso zuen hiriaren garrantzia. Abd al-Malik kalifak eraiki zuen lehen santutegi musulmana 691ean; Omarren mezkita deritza santutegi horri, nahiz hori ez izan benetako izena. Kalifa horrek edo haren ondorengo izan zen al-Walid kalifak eraiki zuten al-Aqse musulman mezkita aurrez juduen tenplua egondako tokian. Saladin arabiarrak kendu zien hiria kristauei eta berak bukatu zuen beste zenbait lanen artean Omar tenpluko kupularen hornidura. XIII. medearen erdialdetik XIV. mendera bitartean harresiak eta ateak konpondu zituzten mamelukoek. v Jerusalem turkiarren mende. Turkiarren esku, hiriak behera egin zuen franko-britainiarrek hartu zuten arte (1917). 1922an, Britainiaren mende zegoelarik, Palestinako hiriburu izendatu zuten. Juduak iristearekin batera borroka piztu zen juduen eta arabiarren artean. NBEk hiria nazioarteko egitea erabaki zuen baina ez alderdi batek ez besteak ez zuten erabakia aintzat hartu. 1967an Jordaniako aldea, Jerusalem zaharra, Israelek hartu zuen eta beretu zuen; NBEk ordea, ez du onartzen Jordaniako aldea Israelena denik. Ordutik borrokak aurrera egin du Jerusalemen juduen eta arabiarren artean.