Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

jeinu

iz. Ipar. Antzea, trebetasuna.  v  Mit. Antzinako Erroman, pertsona baten edo leku baten izpiritu zaindaria. Etxeko jaunaren eta andrearen jeinuak genius eta uino ziren, eta belaunaldiz belaunaldi etxean bizi ziren, familiako aginpide iraunkorraren ezaugarri gisa. Jeinu ugari zegoen erromatarren garaian (lekuetako jeinuak, gudarosteenak, merkatarienak…). Greziarren ideiak nagusitu ahala, Erromako jeinuen hasierako izaera hori aldatu zen, eta gizabanakoen desioen pertsonifikazio bihurtu ziren. Handik aurrera kristauen aingeru zaindarien pareko izateraino iritsi ziren; eta, greziarren “ deabru” edo izpirituen antzera, gizabanakoen izaera eta ezaugarriak adierazten zituzten.  v  Arabiar mitologian, aingeruak eta deabruak baino beheragoko mailako izpiritua. Suzko edo haizezko izakia da, gizonaren edo animaliaren tankera hartzen duena, eta lurpean, airean eta sutan izaten dena. Islamak bere idatzietan hartua du jeinuen existentzia, eta han esaten denaren arabera, jeinuak salbatu edo kondenatu egiten dira, baina kalterik jasan gabe. Iparraldeko Afrika, Egipto, Siria, Persia eta Turkiako folklorean askotan agertzen dira jeinuak.  v  Psik. Adimenaren ahalmena neurriz gainekoa duen pertsona. Bi adieretan erabiltzen da jeinu hitza. Lehenengoa Lewis M. Terman Estatu Batuetako psikologoak finkatu zuen, eta norbaitek goi mailako adimena duela esateko erabiltzen da. Batez ere haurrekin egin dira adimena neurtzeko ariketak, adimenaren ahalmena landu gabea dutelako; dohain bereziak dituzten haurrak izaten dira jeinuak. || Psikologian, jeinu hitzari ematen zaion bigarren adiera zabalduagoa dago. Francis Galton britainiar zientzialariak XIX. mendean jeinu hitza neurriz gorako trebetasun sortzailea duten pertsonak izendatzeko erabili zuen, gaitasun hori jardunaren ondoriozkoa denean, eta ez jaiotzezko ahalmenaren ondoriozkoa.