Jefferson, Thomas
Estatu Batuetako hirugarren lehendakaria (Shadwell, Virginia, 1743 - Monticello, Virginia, 1826). Independentziaren aldeko aldarrikapenaren egile nagusia izan zen. Virginiako gobernari aukeratu zuten 1776an eta kargu horretan egon zen 1781 arte. Ondoren, Estatu Batuen ordezkari nagusia izan zen Parisen eta estatuko lehen idazkari nagusi izendatu zuten 1789an. 1794an George Washingtonengandik urrundu zen, Frantziako Iraultzaren alde agertu zelako, eta errepublikarren alderdia bultzatu zuen aurrerantzean. Estatu Batuetako lehendakari izan zen 1801-1809 bitartean eta Washingtonen kokatu zuen hiriburua. Louisianako estatua eskuratu zuen 1803an eta Europako gerra girotik kanpo eduki zuen bere herria ondoko urteetan. Lehendakaritza utzi eta Virginiako hezkuntzaz eta unibertsitateaz arduratu zen. Eraikuntzan ere aritu zen eta estilo berri bat hedatu zuen, errepublika gaztea izenekoa. Aski ezagunak zituen zientziaren metodoak; pisuei eta neurriei buruz saioak egin zituen.