Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

jazz

iz. Mus. Jatorriz, Estatu Batuetako herritar beltzen musika, erlijiozkoa ez dena, denboraren poderioz adierazpide unibertsal bihurtu dena.  v  XIX. mendeko mendebaleko herri musikaren elementuak ditu jazzak (polka, martxa militarrak), eta aldi berean Ipar Ameriketako folklore beltzarenak (Afrikako musika, jatorrian, baina kristau kantuen eragin nabaria duena: ballad blues, espiritual beltzak, lan kantuak). Musika tresnentzako jazza da gehiena landu dena. XX. mendearen hasieran hartu zuen indarra New Orleans-en, kale musika, dantza eta desfileei esker. New Orleans izan zen hasierako sorgunea. Orduko musikagilerik aipagarrienak Buddy Bolden, Bunk Johnson eta Fred Keppard dira. Storyville zeritzan prostituzio auzunea itxi zenean, iparrera jo zuten musikariek eta orduan hasi zen jazzaren zabalkundea. 1917-1929. urteen bitartean New Orleans, Chicago eta Harlem izeneko estiloak sortu ziren. Musikagilerik sonatuenak Louis Amstrong, King Oliver, Bix Beiderbecke, Mezz Mezzrow, Johnny Baby Dodds eta Bessie Smith izan ziren. 1929. urtetik Bigarren Mundu Gerraren amaiera arte bakarlariek indar berezia hartu zuten, swing delakoa nagusitu eta orkestra handiak sortu ziren. Garai hartan hainbat musikari hasi ziren izena hartzen: Louis Amstrong, Duke Ellington, Count Basie, Little Jazz Eldridge, Benny Goodman, Lionel Hampton, Ella Fitzgerald, Coleman Hawkins eta Billie Holiday, eraginik handiena izan duen jazz kantaria. 1940. inguruan New Orleans-eko jazzaren moda itzuli zen, New Orleans Revival izenekoa, Sidney Bechet eta Jelly Roll Mortonen eskutik. Aldi berean Dixieland revival deritzana ere gertatu zen, New Orleans-eko zurien musikaren errenazimentua, alegia. Gerra bukaturik, jazz modernoaren lehen aldia hasi zen (1945-1955) be-bop edo bop estilo biziarekin. Musikagilerik adierazgarrienak: Charlie Parker, Dizzy Gillespie, Kenny Klook Clarke, Thelonius Monk, Erroll Garner, Milt Bags Jackson eta Sarah Vaughan. Bopak jazzaren egitura eta estiloak guztiz eraberritu zituen. Gerora Miles Davis —jazz musikako musikagilerik garratzitsuenetako bat—, Stan Getz, eta beste batzuek, Lester Young-en eraginez, jazz estilo berria garatu zuten, cool deritzana. Estilo horrek soinuaren barnetiko kalitatea, eta halako adierazpen hoztasun bat, bilatzen du. Joera horretako musikagile asko zuriak dira: Gerry Mulligan, Lee Konitz, Stan Getz, Paul Desmond. 1955. urtetik aurrera jazz-aren beste aldi bat hasi zen, cool-ari erantzunez. Sonny Rollins-ek hard-bop (bop gogorra) delakoa sortu zuen. Bopak asmatu eta landuriko melodia eta harmoniak beretu zituen, baina erritmo soilagoak erabiliz. Clifford Brown, Horace Silver eta John Coltrane dira joera horretako musikagilerik aipagarrienak. Coltrane-ren eskutik sortu zen 1960. urtean free jazz (jazz askea) delakoa, betidaniko egiturak alde batera utzi eta askeago jokatzen duen jazz era, alegia. Charlie Mingus, Don Cherry, Ornette Coleman, Archie Sheep, Albert Ayler eta Eric Dolphy dira joera horretako musikagile nagusi batzuk. Handik aurrera bide esperimentalagoak erabili ditu jazzak, beste alorretako musika iturrietan oinarrituz. Musikagile bakoitzak bere nortasuna eman dio lanari. Garai bertsukoa da pop musikaren indarberritzea. Bestalde, jazzak abangoardiako musikarekin bat egin du; joerarik esperimentalena musika-jotzaileek dute: Keith Jarret, Anthony Braxton dira besteren artean aipagarriak. Musika poparen arrastoa, berriz, Stanley Clark-ek eta Larry Coryell-ek jarraitu dute, besteak beste.