Jatabe
Bizkaiko iparraldeko udalerria (Plentzia-Mungia). Maruri-Jatabe du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Mungia; ekialdean, Bakio eta Mungia; mendebalean, Lemoiz eta hegoaldean, Gatika eta Mungia. Garaiera, 63 m. 15,82 km2. 1997ko datuen arabera, 582 biztanle ditu (jatabetarrak). Auzo nagusiak: Jatabeko San Lorentzo elizatea, Hunparan eta Ebera. Butroi ibaia igarotzen da udalerriaren hegoaldetik. Euskara, bizkaiera. Hizkuntza banaketa 1996an: 433 euskaldun, 73 ia euskaldun eta 62 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza eta nekazaritza badira ere (langileen % 48), bertako langile askok Butroi haraneko industrietan lan egiten du (% 38). Aipagarria da San Lorentzo eliza, XII. mendean eraikia eta XVIII. mendean eraberritua.