Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jalisco

Mexikoko mendebal-erdialdeko estatua. 80.137 km2 eta 5.278.987 biztanle (1990). Mugak: Nayarit, Durango, Zacatecas eta Aguascalientes, iparraldean; San Luis Potosi, Guanajuato eta Michoacan, ekialdean; Michoacan eta Colima, hegoaldean, eta Ozeano Barea, mendebalean. Hiriburua: Guadalajara. Hiri garrantzitsuak: Sayula, San Martín, Ocotlan.  v  Orografia. Bi alde bereizten dira Jaliscoko erliebean: menditsua bata eta laua bestea. Klima heze epela (19° batez beste). Lerma-Santiago ibaien arroan dago lurraldearen zatirik handiena.  v  Ekonomia. Nekazaritza da bertako ekonomia jarduera nagusia: artoa, garia, azukre-kanabera, kotoia, arroza eta tabakoa. Lurpeko aberastasunak handiak dira: zilarra, urrea, merkurioa, beruna, zinka. Industria bada, baina hiri handietan soilik; herri gehienak nekazariak dira.  v  Historia. 1526. urtean iritsi ziren bertara konkistatzaile espainiarrak; Nueva Galicia izeneko lurraldearen barnean geratu zen XVI. mende erdialdetik aurrera. Mexikoren independentziaren ondoren sortu zen Jaliscoko estatua, eta gaur egun garrantzi handia du, Mexiko mendebalean batez ere. 1889. urtean bereizi zen Jaliscoko estatutik gaur egungo Nayarit estatua.