Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

izurri

iz. Lurralde eta denbora berean biztanleen zati handi bati erasotzen dion eritasun kutsagarri oro; bereziki, Yersin-en baziloak eragina.  v  Med. Eritasun kutsakorra, Pasteurella pestis edo Yersinia pestis baziloak eraginikoa. Izurriak gizakiak eta animaliak (karraskariak, batez ere) jotzen ditu. Karraskariak dira baziloaren bizitoki nagusia. Arratoien arkakusoaren (Xenopsylla cheopis) eta, batzuetan, gizonaren arkakusoaren (Pulex irritans) bitartez kutsatua izaten da. Izurriak gizonaren birikak joz gero, airearen bitartez ere kutsa daiteke. Hiru era nagusitan ageri da eritasuna gizakiarengan: zorne izurria, odol izurria eta biriketako izurria. Zorne izurria da maiztasun handienekoa, eta zorne pikor handiak sorrarazten ditu larruazalean. Odol izurria bat batean agertu eta oso azkar hedatzen da eriarengan. Hori da erarik larriena. Biriketako izurria oso kutsakorra da, eta birika ehun osoa jotzen du. Odol izurriak eta biriketakoak jotako gehienak hiltzen dira. Izurria eritasun endemikoa da Tibet-en, Indian, Mesopotamian, Erdialdeko Afrikan, Hego Ameriketako zenbait lurraldetan eta Ipar Ameriketako mendebalean. Sendagaiak: estreptomizina eta kloranfenikola. Eritasuna endemikoa den lurraldeetan, txertoak erabiltzen dira, eragin handikoak, baina immunitate aldi murritzekoak.  v  Izurri beltza. Europan, 1348 eta 1349an, zabaldu zen zorne izurria. Heriotza ugari eragin zuen. Hasieran Genoatik Proventzarainoko lurraldeetan hedatu zen, eta gero Languedoc, Katalunian eta Valentzian. Lurralde horietatik Europa osora zabaldu zen.