Izura-Azme
Nafarroa Behereko erdialdeko udalerria, Oztibarren, Iholdiko kantonamenduan. Ostabat du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Ostankoa; ekialdean, Arhantsusi; mendebalean, Landibarre, eta hegoaldean, Larzabale-Arroze-Zibitze. 15,26 km2 eta 235 biztanle. Haranbeltz, Izura eta Azme herriguneek osatzen dute Izura-Azme udalerria (izuratarrak; azmetarrak). Biduze ibaiak zeharkatzen du udalerria. Euskara, behe-nafarrera; euskaldunak, % 96. Laborantzan (garia, patata, landare lekadunak, artoa, barazkiak, bazkarako landareak), abere hazkuntzan (ardi eta behi azienda) eta janari industrian (esnea, haragia) oinarritzen da bertako ekonomia jarduera nagusia. v Historia. Etxez osatutako harresia edo bastida bat eraiki zen XII. mendearen hasieran Izurako Oztibarreko lurretan (Ostabaret, Ostabat, gaskoieraz). 1140. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Oztibarreko bastida. Frantziako Iraultza arte, Akizeko apezpikuen eliz barrutian egon zen Oztibarreko lurralde guztia, Nafarroako erresumako lurra izanagatik. Erdi Aroan zehar, Izurako hirian egon zen Donejakue bideko erietxetik garrantzitsuenetakoa, bertara biltzen baitziren lau erromesbide handienetatik hiru (Tours, Puy eta Vézelay hirietatik abiatzen zirenak, hain zuzen ere). Aipagarria da eraikuntza guztien artean, Harabeltzeko San Nikolas kapera erromanikoa. Harabeltzeko prioreak bere lekua zuen Nafarroako gorteetan. 1381. urtean ezagutu zizkion Karlos II.a Nafarroako erregeak foruak Izurako herriari eta merkatu hiri garrantzitsua bihurtu zen Izura XIV. mendearen bukaeratik aurrera. Azmeko herrigunea 1841. urtean lotu zitzaion Izurakoari udalerri bakarra osatzeko.