Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

izadi

iz. Izaera fisikoa duten gauza guztien multzoa, bereziki gizadiaren aurrez aurre, natura.  v  Unibertsoa osatzen duten gai guztien multzoa da izadia; gizonaren eskuak sortu ez duena. Gizona bera ere, biologiazko izaera duenez gero, izadiaren legeen mende dago, eta lege horien ondorio da. Lurraren garapenaren azterketak eta izakienak izadiaren historia deritzanean bildu izan dira.  v  Izadi hila. Pint. Gauza bizigabeak edo animalia hilak dituen irudia.  v  Gizonak izadiaren gainean duen eraginari dagokionez, ik. ekologia. ■ Izadiaren babesa. Gizakiek gutxi aldatu dituzten edo batere aldatu gabe dauden ekosistemen kontserbazioa ziurtatzea da izadiaren babesaren helburu nagusia. Bestalde, eremu horien bioaniztasun ekologikoa errespetatzea du helburua, eta horrela bertako animalia eta landare bizi guztiak babesten ditu. Gaur egun helburu horiek ezinbestekoak dira gizatasunaren bilakaera ziurtatzeko. Izadia babesteko lehenengo neurriak XIX. mendearen oso aurrekoak dira. XVI. mendeaz geroztik, Poloniako errege Jagellonek bere herrialdeko basoak babestu zituen, bertan bizi baitziren azken uroak. Hala ere, 1627an erabat desagertu ziren. Afrikan ere, europarrak iritsi aurretik, bazeuden animalien zenbait santutegi, Ishyanaya esate baterako. Horrez gainera, aipagarriak dira beste hainbat baso erreserba. Dena dela, gaur egungo izadiaren kontserbazioaren ideia XIX. mendearen bigarren erdialdean osatu zen. Artistak, naturalistak eta mendizaleak saiatu ziren monumentu naturalaren kontzeptua indartzen, zeinaren arabera izadiko zenbait eremuk balio berezia duten eta monumentu historikoen mailakoak diren. Hala, Frantzian, 1853an hainbat baso erreserba txiki sortu ziren Fontainebleauko pagadian, Barbizon-eko margolari eskolako margolariek sustatuta. Estatu Batuetan, 1864an Lincoln lehendakariak Yosemite bailara eta bertako sekuoiak babestu zituen kaliforniar naturalistek behartuta. 1872an Yellowstoneko parke nazionala sortu zenean izadia babesteko modu berri bat sortu zen, batez ere ekosistema oso bat babesteko ideian oinarritua. Europan, Suitzako parke nazionala eta Suediako Sarek eta Stora parkeak, Lehen Mundu Gerra aurretik antolatuak, izan ziren era horretako lehenengoak. XIX. mendean sortu ziren, bestalde, izadiaren babeserako lehenengo elkarteak. 1886an, esaterako, RSPB elkartea sortu zen (Royal Society for Birds Preservation) Britainia Handian, helburu nagusia mota biziak babestea zuena.