Izaba
Nafarroako ipar-ekialdeko udalerria (Zangozako merindadea). Isaba-Izaba du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Santa-Grazi (Zuberoa) eta Areta (Biarno); ekialdean, Berari (Huesca); mendebalean, Erronkari eta Uztarroze, eta hegoaldean, Urzainki. Garaiera, 813 m. 145,72 km2. 1999ko datuen arabera, 533 biztanle ditu (izabarrak). Udalerrian bertan batzen dira Belabartze, Belagoa eta Uztarrotz errekak Ezka ibaia osatzeko. Euskal Herriko gailur gorenak daude Izabako lurretan: Oxanea (1.700 m), Arrigorrieta (1.758 m), Ezkaurre (2.047 m), Hiru Erregeen Mahaia (2.434 m). Hizkuntza, gaztelania. Azken hamarkadetan galdu da euskara (euskaldunak % 5 dira gaur egun). Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Nekazaritzan (garia, garagarra, patata, ardi azienda, baso ustiapena; beharginen % 41) eta zerbitzuen alorrean (landa eta mendi turismorako azpiegiturak; langileen % 38) oinarritzen da bertako ekonomia jarduera nagusia. Aroztegi txiki batzuk ere badira. Aipagarriak dira San Zipriano eliza (XV. m.), bertako erretaula platereskoa (XVI. m.), Idoiako ermita (XV-XVI. m.), Arrakoko ermita eta bertan gordetzen den XIII. mendeko Andre Dona Mariaren irudia, eta Sanson etxea. nHistoria. 1265. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Izabako herria. Erronkariko ibarraren historiari lotuta egon da. 1846. urtean osatu zuen berezko udalerria. Erronkariko herri jendetsuena izan zen XIII-XIX. mendeetan zehar. 1427. urteko suteak ia erabat suntsitu zuen herria (270 etxeetatik % 10 baizik ez zen sutatik salbatu). Armaola bat izan zen Izabako herrian Napoleonen aurkako gerraren garaian eta hori zela eta erre egin zuten frantsesek 1813. urtean, erretiradan zetozela.