Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Iurreta

Bizkaiko ekialdeko udalerria, Ibaizabal ibaiaren ertzean (Durangaldea eskualdea). Mugak: iparraldean, Ibarruri; hegoaldean, Durango; ekialdean, Garai eta Abadiño, eta mendebalean, Zornotza. 19 km2. 1997ko datuen arabera, 4.431 biztanle ditu (iurretarrak). Herrigune hauek osatzen dute udalerria: Uribe, Arandia, Orozketa, Arriandi, Orobio, Bakixa, Goiuria. Ibaizabal ibaia igarotzen da herritik, eta Durangoko hiriko muga eratzen du leku askotan. Zaldai eta Orobio errekak igarotzen dira halaber udalerritik. Euskara, bizkaiera; euskaldunak, % 55. Hizkuntza banaketa 1996an: 2.084 euskaldun, 826 ia euskaldun eta 1.502 erdaldun. Industria da nagusi gaur egungo Iurretan (burdingintza, erremintak eta papergintza). Nekazaritzak ez du aparteko garrantzirik. Aipagarriak dira San Migel parrokia (XIX. mendearen hasiera), Goiuriako, Amatzako eta Arandiako ermitak, Goikolea jauregia (XVII. m.) eta Ertzilleko garaia (XVI. m.).  v  Historia. 1072ko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz “Ihurretako San Martin monasterioa”. Erdi Aroan Durangoko merindadeko hamabi elizateetako bat izan zen Iurreta eta Bizkaiko burdinola-herri oparoenetakoa izan zen XIX. mendea arte. 1926an gelditu zen Iurretako elizatea Durangoko udalaren barnean, bertakoek horrelakorik nahi ez zuten arren, eta hutsean geratu ziren ondoko urteetan udal bihurtzeko egin ziren saio guztiak. 1950ean bizkortu zen Iurretako industrializazioa eta industria herria zen 1970erako. 1990eko urtarrilaren 1ean, udal bihurtu zen berriro Iurreta, Iurretako Eleizatea izenez.