Iturri y Sojo, Luis María de
Espainiar antzezle eta antzerki zuzendaria (Sevilla, 1944 - Bilbo, 1998). Hemezortzi urte zituela hasi zen antzerkian lanean, ikasketak egin bitartean. 1966an Akelarre antzerki konpainia sortu zuen Bilbon, eta talde horren zuzendari gisa sari asko irabazi zituen, besteak beste, Teatroko Sari Nazionala. Bera izan zen Arriaga antzokiko lehen zuzendari profesionala, 1987an antzokia berritu zenean. Blas de Oteroren, Celayaren eta Arestiren testuetan oinarritutako Irrintzi du lanik adierazgarriena, lan horrek euskal teatro nazionalaren bultzatzailearen ospea eman baitzion. Opera berandu ezagutu zuen arren, oso gogoko izan zuen, eta opera estreinaldi ugari programatu zuen. Genero hori eszenaratzeko ikuspegi berezia zuen, eta Donostiako Musika Hamabostaldian aurkeztu zuen Carmen, esate baterako, erabat abstraktua zen. 1990ean eta 1991n Juan Crisóstomo Arriagaren Agar eta Ismael eta Herminia operen mundu mailako estreinaldia egin zuen eta baita Mikis Theodorakisen Medea-rena ere. Bere azkeneko lanen artean Durrematten Romulo Handia antzerkiaren eszena zuzendaritzan eta protagonista gisa egin zuen lana nabarmen daiteke.