Iruñerria
Nafarroako erdialdeko berezko eskualdea, Iruñeko hiriaren inguruan. Ez du muga zehatzik eta oro har Nafarroako hiriburutik ikus daitezkeen mendien honaindiko herri eta lurrak hartzen ditu Iruñerriak: Iruñea, Barañain, Burlata, Uharte eta Atarrabiako udalerriak; Antsoain, Itza, Galar, Oltza eta Zizurko zendeak, eta Etxauri, Aranguren, Egues eta Elorzko ibarrak. 243.992 biztanle (1986). Hizkuntza: gaztelania eta euskara. Nekazaritzari emaniko eskualdea den arren (laboreak eta, era askoz apalagoan, lekadunak, patata eta mahatsa), industriagune guztiz garrantzitsuak sortu dira Iruñerrian XX. mende erdialdetik aurrera (Iruñea, Burlata, Barañain, Atarrabia, Antsoain, Berriozar, Uharte, Zizur, Beriain eta Noain), eta gero eta biztanle gutxiago dago Iruñerriko nekazari herrietan (7.182 biztanle 1981. urtean). Iruñea da betiere hiri nagusia alor guztietan. Iruñeko artzapezaren ardurapeko eliza eskualdea izan da aspaldidanik Iruñerria.