Irun
Gipuzkoako udalerria (Oiartzualdea). Mugak: iparraldean, Hondarribia; hegoaldean, Lesaka eta Bera (Nafarroa); ekialdean, Bidasoa ibaiaz gaindi, Lapurdiko herrialdea (Hendaia, Urruña eta Biriatu), eta mendebalean, Hondarribia, Lezo eta Oiartzun. Bidasoa ibai bokalearen ezkerraldean dago Irun, Jaizkibel (543 m), Aiako Harria (832 m), Erlaitz eta Aldabe (San Martzial) mendiek inguratua. Garaiera, 5 m. 42,8 km2. 1997ko datuen arabera, 55.686 biztanle ditu (irundarrak). Donostiaren ondotik Gipuzkoako bigarren udalerririk jendetsuena da. Auzo nagusiak: Anaka, Behobia, Bidasoa, Lapitze, Olaberria, Meaka edo Meazar eta Katea. v Hizkuntza. Euskara, goi-nafarrera, da Irungo berezko hizkuntza, gaurko egunean gaztelania nagusi den arren. Hizkuntza banaketa 1996an: 15.708 euskaldun, 9.417 ia euskaldun eta 29.042 erdaldun. v Ekonomia. Espainiako eta Frantziako estatuen arteko muga hiria delarik, zerbitzuen arloa da nagusia (langileen % 60). 1992. urte amaiera arte, berebiziko garrantzia izan du bertan aduanetako administraritzak, baina Europako Ekonomia Elkarteak aduana arantzelak bateratzeko hartu dituen neurriek aldarazi dute egoera hori. Aduanak desagertu ondoren, hauek dira jardunbide nagusiak: janari industria, burdinbiderako gaiak, makina-erreminta, portzelanagintza, kimika industria, eraikuntza. Nekazaritzak ez du aparteko garrantzirik Irunen. Hiriko demografia hazkunde bizkor egituragabeak (20.000 biztanle 1950. urtean, 45.060 biztanle 1970ean), eragotzi du turismo azpiegitura baterako bidea. Bestalde, komunikabide sare zabal batek lotzen du Irun Euskal Herriko eta Europako eskualde nagusiekin: Bilbo-Behobia-Baiona autopista, Paris, Madril eta Bartzelonarako adarrekin; Irun-Iruñea errepidea (Belate mendatetik); Madril-Irun-Paris burdinbidea, Hendaia-Irun-Donostia trenbidea (Eusko Trenbideak), eta Gipuzkoako aireportua, Hondarribiko eremuan, Irundik bi km-ra. v Artea. Aipagarriak dira Ama Xantalen ermita eta bertako museo erromatarra, Junkaleko amaren parrokia eliza gotikoa, udaletxe neoklasikoa (XVIII. m.), San Juan Harria harrizko zutabea, Arantzate dorretxea (XV. m.), Beraungo oinetxea (XVI. m.), Urdanibiako jauregia (XVII. m.), eta Urdanibia plazako erietxe zaharra (XVII. m.). v Historia. Azken urteotako aurkikunde garrantzitsuen arabera, ziurtzat jo daiteke Irun historialari erromatarrek aipaturiko Oiasso edo Oiarsso hiri baskoia dela (Irun izen euskalduna, Iruñea, Iruña, Irunberri eta abarrekin lotu beharko litzateke, beraz), bertan zegoela alegia Oiasso inguruko portu eta hiri nagusia. Bertan amaitzen zen Mediterraneoa eta Atlantikoa lotzen zituen Tarraco-Oiasso galtzada erromatarra. Hori zela eta, Hispania, Galia eta Britanniako lurralde erromatarren arteko merkataritzagune garrantzitsua izan zen K.o. III. mendearen bukaera arte (Lapurdum edo Baionako hiri euskalduna erabat nagusitu zen egiteko horretan garai hartatik aurrera). Era berean, ordutik aurrera ustiatu ziren Irungo eta Oiartzungo meatzeak (beruna eta burdina batez ere; 1945. urtean itxi zen Irungo azken meatzea), Aiako Harriaren bi aldeetan. Adituen arabera, Irungoa da Kantauriko itsasertzean aurkitu den erromatar bizileku handiena (portua, Ama Xantalengo ermitako tenplu txikia, Beraun eta Junkal elizaren inguruko hiriaren aztarnak…). K.o. IV. mendean Irungo hiriaren gainbehera hasi zen eta Oiartzungo gunea nagusitu zen hurrengo mendeetan. IX. mendetik aurrera zuzenean lotu zitzaion Irungo herri baskoia Iruñeko erresumari; eliza berriz mailan Baionako apezpikutzaren mendeko eremua zen. Alfontso VIII.a Gaztelako erregea Gipuzkoaz jabetu ondoren, Hondarribiko errege-hiri militarraren mende geratu zen Irun. Irun Donejakueko Bideko erromesen igarobide izan zen XII. mendetik aurrera (Kantauriko itsasertzeko bidea). XIV. mendetik aurrera areagotu ziren Irungo unibertsitatearen eta Hondarribia hiriaren arteko gatazkak, Bidasoa ibaiaren gaineko eskumenak nork beretzat nahi zituela eta (Lapurdirako igarobidea, salgaien gaineko zergen kobratzea eta ibai-arrantza). 1522. urtean nagusitu zitzaien oste gipuzkoarrak eta gaztelauak, Irungo Aldabe edo San Martzial mendian, Nafarroako erresuma berreskuratu nahian Bidasoaz bestaldera igaro ziren oste nafar, gaskoi, frantses eta alemaniarrei (San Martzialgo I. gudua). 1614. urtean Hondarribiko hiritik bereiztea eskatu zuten irundarrek, baina alferrik. 1659. urtean, Pirinioetako Bakea hitzartu zuten Frantzia eta Espainiako erresumek Irun eta Hendaia arteko Faisaien Uhartean. 1719 eta 1732. urteetan saiatu zen Irungo unibertsitatea Hondarribiko hiritik bereizten, baina ez zuen lortu 1767. urtea arte. 1793. urtean irundarrek aurre egin zieten Konbentzioko oste frantsesei, baina etsi beharra izan zuten hurrengo urtean. 1805. urtean, Nafarroaren barnean geratu ziren Irun eta Hondarribia, eta herrialde horretako hiriak izan ziren 1814 arte. 1813ko abuztuaren 31n, Irunen nagusitu ziren oste espainiar eta ingelesak Soult mariskal frantsesaren indarren aurrean (San Martzialgo II. gudua). Lehen karlistaldian, 1833ko urrian jabetu ziren Irungo herriaz karlistak eta 1837ko maiatzean sartu ziren bertan oste liberalak, espainiarrak eta ingelesak. 1841. urtean aldatu zituzten Hego Euskal Herriko herrialdeetako aduanak itsasaldera eta Espainiaren eta Frantziaren arteko mugara, eta bi estatu horien arteko aduana nagusi bihurtu zen Irungo herria. Bigarren karlistaldian eraso latzak jasan zituen Irungo herriak oste karlisten aldetik 1874-1875 urteetan. Bigarren karlistaldiaren ondoren, liberalak nagusitu ziren Irunen eta, mugaren poderioz estatu-hiri bihurtu zen bezala, indartuz joan zen erdararen erabilpena (1920tik ondoko hamarkadan nagusi zen erdararen erabilpena Irungo kalean). 1936ko Espainiako Gerra Zibilean, Irungo hiria izan zen frankisten helburu eta, armada erregularrik gabe, berrogeita bost egunez eutsi zion hiriak karlisten eta frankisten erasoari. v Aduanen desagertzearen ondorioz, Irungo egitura ekonomikoak berregokitze gogor bati ekin behar izan zion 1990eko hamarkadaren erdialdera, sektore horretan ziharduen-eta biztanleria aktiboaren zati handi batek. Besteak beste, garraioei eta horien inguruko zerbitzuei emandako ZAISA guneak biziberritu du azken urteetan hiriko ehun ekonomikoa, eta industriarako lur ugari ere egokitu da, alor hori indarberrituz.