Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Irunberri

Nafarroako ekialdeko udalerria (Zangozako merindadea). Lumbier du izen ofiziala. Mugak: ipar eta mendebalean, Urraul Beiti; ekialdean, Romanzado, eta hegoaldean, Oibarre, Ledea eta Rocaforte. Garaiera, 466 m. 52,94 km2. 1999ko datuen arabera, 1.414 biztanle (irunberriarrak). Leireko mendiak daude udalerriaren ekialdean (800-1355 m bitartekoak). Irati ibaiak igarotzen du udalerria, eta bat egiten du Zaraitzu ibaiadarrarekin Ledea udalerriarekiko mugan. Arroila ikusgarri bat eratzen du Irati ibaiak Irunberriko inguruetan (Irunberriko arroila). Hizkuntza, gaztelania. XVIII. mendearen bukaeran galdu zen euskara, % 5 dira gaur egun euskaldunak Irunberrin. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Nekazaritza (mahastiak, bazkarako landareak, barazkiak, behi eta ardi azienda) eta industria (zurgintza, altzarigintza, janari industria; langileen % 55). Aipagarriak dira Hirutasun, San Adrian eta Loiti gaineko San Bartolome ermitak, eliza barrokoa eta komentu beneditarra (XVI. m.).  v  Historia. Brontze Aroan bazen giza finkamendu bat Irunberriko lurretan eta bizigune hartan egokitu zen hiri bat erromatarren garaian (ilumberitani edo irunberritarrak ziren Plinioren esanetan, K.o. I. m.). Garai hartako mosaikoak eta txanponak aurkitu dira han. Hiri baskoia zen nolanahi ere Irunberri. Abd al-Rahman III.a Kordobako lehen kalifak Antso Gartzeiz Nafarroako erregearen aurka zuzenduriko erasoan Irunberrin sartu, bipildu eta su eman zion bertako gazteluari 924. urtean. XIII. mendean foruak eman zizkioten hiriari Antso Azkarrak eta Teobaldo I.a ondoko erregeak. Ordezkaritza izan zuen Irunberrik Nafarroako Gorteetan 1319. urtetik aurrera. Napoleonen aurkako gerran, Irunberriko hiria gotortu zuten frantsesek eta borroka latzak gertatu ziren inguruetan 1809-1811 bitartean.