Irlandako Errepublika
edo Eire. (Irlanderaz, Poblacht Na h’Éireann). Europako mendebaldeko estatua. 84.430 km2 eta 4,156,119 biztanle (2008, irlandarrak). Irlandako uhartearen % 83 hartzen du; gainerakoa Ipar Irlanda da. Hiriburua: Dublin. Irlandera edo gaelikoa (ingelesez, gaelic) eta ingelesa dira hizkuntza ofizialak (ingelesa da nagusi). Erlijioa: katolikoa (% 95). Hogeita sei konderritan dago banatua, eta konderri horiek lau probintziatan biltzen dira: Leinster, Munster, Ulster eta Connacht. ■ 750 bat urtez, britainiarrak izan dira Irlandaren jabe. 1921. urtean, Irlanda hegoaldea Britainia Handiaren agintepeko lurralde izendatu zuten. Britainia Handiarekiko lotura 1949an eten zen guztiz, Irlanda errepublika bihurtu zenean. Ipar Irlandak, nolanahi ere, britainiarren mende jarraitzen du. ■ Biztanleak. Aspalditik izan da Irlanda emigrazio herria. 1841ean zazpi bat milioi bat biztanle ziren, orain baino bi aldiz gehiago. Mende batean, hiru milioi biztanlek alde egin dute beren sorterritik, miseriatik eta langabezitik ihes, Ingalaterrara, Estatu Batuetara eta baita Australiara ere. Ekonomiaren hobekuntzak eta industriaren garapenak geldiarazi zuten ihesaldi masibo hura 1970eko hamarraldiaren hasieran; gero, 1990eko hamarraldiaren erdialdean, itzuli egin dira emigratu asko, Ingalaterratik bereziki; etorkinak ere hasi dira Irlandara lanera joaten, eta, hortaz, migrazioaren balantza positiboa da (+15.000 pertsona 1996an). ■ Demografiaren bilakaerari dagokionez, biztanleriak gora egin du berriz ere. Jaiotza tasa oso handia zen oraindik 1980ko hamarraldian, baina urteotan asko ari da jaisten; era berean, emankortasunak ere behera egin du: 3tik 1,8ra pasa da haur eta emakumeko, Europakoaren gero eta antzerago. Hilkortasun tasa motelago ari da jaisten, eta hazkunde naturala % 0,4 da. Katolizismoaren eraginpean (biztanleen % 95 dira katoliko), oso handiak izan dira beti jaiotza eta emankortasun kopuruak; baina salbuespen demografiko hori, Europar Batasunaren baitan, bukatua da. Hala ere, aurreko egoeraren ondorioz, Irlandako biztanleria gaztea da: % 35, 20 urtetik beherakoak. ■ Biztanle dentsitateak (51 bizt./km2) oso gorabehera handiak ditu: erdialdea eta mendebaldea hutsak daude ia, eta ipar-mendebaldeko kostaldean, landaldeko lurralde batzuk oso jendeztatuak daude (100 bizt./km2), nahiz eta jende askok alde egin duen. Dublingo aldiriek (1,3 milioi biztanle) biztanleriaren heren bat baino gehiago biltzen dute, eta Cork-ek, bigarren hiriak, 175.000 biztanle eskas du. Hiritarren kopurua (% 60), hazten ari bada ere, Europar Batasunekoa baino askoz apalagoa da. ■ Ekonomia. 1958tik aurrera asko modernizatu da Irlanda. Gaur egun lehen sektoreak biztanle aktiboen % 10,5 hartzen du (1926an, adibidez, % 65), bigarrenak 29% , eta hirugarrenak, % 60,5. Hazkundea, urteko batez bestekoa, 1993tik aurrera % 7tik gorakoa da, eta, hortaz, industria herrialde berrietako bat bihurtu da Irlanda (IHB), Asiako “dragoiak” bezala. Atzerriko inbertsioen eta esportazioen gorakadak eraginda, 50.000 enplegu sortzen dira urtero. Izan ere, langabezia endemikoa (1980ko hamarraldian % 20koa), ia % 8ra jaitsi da 1998an; inflazioa desagertu egin da, aurrekontuen defizitaren ordez superabita du, eta zor publikoa, garai batean ikaragarria, asko murriztu da. Irlandak Maastrichten eskakizunak betetzen ditu gaur egun, eta lehen txandan sartuko da diru bateratuan. Biztanleko BPG Erresuma Batukoaren erdia zen 1970ean baina maila hura gainditzea lortu du. ■ Nekazaritzaren garrantziak behera egin badu ere, 130.000 lagun bizi dira hartatik oraindik. 1960ko hamarraldian hasi zen modernizazioa eta lasterragotu egin da Irlanda Europako Ekonomia Elkarteak sartu zenez geroztik (1973). Elikagai industriak BPGren % 7 ematen du eta esportazioen % 20; esportazioak Ingalaterrara egiten dira batez ere, baina baita kontinentera ere. ■ Industria bikoiztu egin da hamar urteotan. Usadiozko langintzek –elikagaiak, edariak (Grand Metropolitan-Guinness, munduko garagardo esportatzaile handiena, besteak beste)–, langileen % 20 enplegatzen dute. Industria modernoak 1958tik aurrera garatu dira; urte hartan mugak zabaldu ziren, atzerriko kapitalak sartzen hasi ziren, eta, politika industrial dinamiko bati esker, Europako egiturazko funtsen laguntza lortu zuen berehala Irlandak. Enpresek abantaila fiskal handiak dituzte, eta enpresak sortzeko diru laguntza handiak ematen dira. Soldatak ez baitira altuak, eta ingeles hiztunak eta gazteak izanik langileak, eta ahulak sindikatuak, Europar Batasuneko beste herrialdeetan baino bost aldiz handiagoa da Irlandan egoitza hartu duten amerikar enpresen errentagarritasuna. Hala, Irlandak jasotzen du, adibidez, amerikar elektronikaren sektoreko kanpoko inbertsioen laurden bat. Luzaroan bazterreko herrialdea izan ondoren, atzerritar enpresaburuen (amerikar, japoniar eta korearren) zubi bihurtu da Irlanda europar merkatuan sartzeko. Badira 1.200 bat atzerritar enpresa, enpleguaren % 45 eta industria ekoizpenaren % 76 hartzen dutenak, eta esportazioen % 60. Hasieran nekazaritzako gaiak, ongarriak, aluminioa lantzen ziren; gero, autoen muntaketa eta elektronika, eta azken aldi honetako inbertsioak batez ere osagai elektronikoak eta informatikarakoak egiten dira. Gaur egun Europan saltzen diren ordenagailuen eta programen heren bat Irlandan muntatuak dira. Irlandan daude sektore horretako enpresa handi guztiak (IBM, Compaq, Dell, Apple), eta orobat programa egileak; aldi berean, badira irlandar enpresa txiki batzuk, oso dinamikoak, arrakasta handia izaten ari direnak (Iona da ezagunena). Gaur egun, irlandarren % 7 ari dira informatikan lanean; mundu osoko kopururik handiena da. Botikak, medikuntzako tresneria eta bioteknologia ere sektore indartsuak dira. ■ Historia. De Valeraren Lehen Ministroak, S. Lemassek, kargua utzi ondoren 1966an, klase politikoa berriztatzen hasi zen, fundatzaileen belaunaldia ordezkatuz; aldaketa horrek eta arazo ekonomikoek egonkortasun falta handia ekarri zioten politikari (hamabi gobernu, Fianna Fáil, Fine Gael koalizio kontserbadore heteroklitoa, eta laboristak, txandaka). Baina gobernu haien plangintza sozial eta ekonomikoak ez ziren batere zorrotzak, halako eran non Iparraldeko protestanteek salatu egin baitzuten Erromaren eta haren elizaren eragina. Kanpaina gogor baten ondoren, abortoaren debekua konstituzionala egin zen (1983ko erreferenduma, hautesleen % 67ren onespenarekin). 1986an, dibortzioa hainbat baldintzatan legeztatzeko proposamenari uko egin zitzaion, boto-emaileen % 63ren botoarekin. Alabaina, eliza galtzen ari da garai batean zuen indarra. Adostasuna erabatekoa zen herri batean, erreferendum horietan izan zen abstentzioak eta erreferendumen kontrakoen kopuruak erakusten du aldaketa hori. Areago, 1985ean, Legebiltzarrak onartu egin zuen (oso alde txikiarekin) antisorgailuen salmenta legeztatzen zuen lege bat. 1990. urtean Mary Robinson laborista, dibortzioaren legeztatzearen aldekoa, irten zen Errepublikako lehendakari. Hautaketa hori irlandar gizartearen aldaketa sakonaren seinale izan zen. 1992an, abortoari buruzko hiru galdera egiten zituen erreferendum batean, emaitzak bitxiak izan ziren: % 65k ezezkoa eman zion abortoari amaren osasuna arriskuan dagoenean, baina % 60 informazioaren zabalkundearen aldeko zen, eta % 62k onartzen zuen emakumea atzerrira joatea abortatzera. Helduen arteko borondatezko harreman homosexualak 1993an zigorgabetu ziren, eta dibortzioa, azkenean, 1995ean legeztatu zen, erreferendum bidez, botoen % 50,5ekin. 1997an Robinsonen ordez Mary Mc Aleese hautatu zuten estatuburu, jatorriz Ipar Irlandakoa eta katoliko sutsua, itxuraz balio zaharrak goretsiz ostera. ■ Ipar Irlandaren arazoa. S. Lemass Lehen Ministroa Ipar Irlandako bere kide Terence O'Neillekin elkartu zenez gero (1965), errealismo politikoa izan da nagusi Ulsterreko auzian, nahiz eta han gertaturiko tragediek grinak eta tentsioak piztu dituzten zenbaitetan (Londonderryko “igande odoltsua”, 1972an, etab.). 1980ko eta 1990eko hamarraldietan irlandar gobernuak ahalegin handiak egin ditu irtenbide politikoak eta konpromisoren baten hasiera bideratzeko; Garret Michael Fitzgerald Lehen Ministroaren ekimenez, Irlanda Berri Batentzako Forumak (1983-1984), uharteko bi aldeetako alderdi nazionalista moderatuak elkartu zituen, eta 1985ean Hillsborough-eko akordioa iritsi zen, hegoaldeari Ulsterraren gaineko zenbait eskubide ematen ziona. Unionista protestanteek onartu ez zuten arren, Forum horrek irtenbide negoziatu bati zabaltzen zion bidea; bide horri heldu zioten Lehen Ministroek 1993tik aurrera, Albert Reynolds, John Bruton eta Bertie Ahern-ek, beren britainiar kideekin, John Major-ekin lehenbizi eta Tony Blair-ekin gero (Bakerako Foruma 1993an, Downing Street-eko Deklarazioa 1995eko abenduan, 1997-1998ko negoziazioak). B. Ahernen ahelginak Stormont-eko akordioetan gauzatu ziren, 1998ko apirilaren 10ean izenpetuak. Omagh-eko atentatuaren ondoren (1998ko abuztua), Ipar Irlandan, britainiar eta irlandar gobernuek berehala erreakzionatu zuten: bi herrialdeetako diputatuek onartu zuen terrorismoaren kontrako lege bat, muturreko taldeak borrokatzeko helburua zuena, betiere bake prozesua bururatu nahian. Azkenaldi honetan, zailtasunak zailtasun, aurrera jarraitzen du bake prozesuak.
http://www.gov.ie/en/
- irizpen
- irizpide
- Irkutsk
- irla
- Irlanda, Ipar
- Irlandako Errepublika
- irlandar
- irlandera
- Irmandades da fala
- irmo
- irmoki