Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Irlanda, Ipar

Britainia Handiko eta Ipar Irlandako Erresuma Batuaren zatia. 14.120 km2eta 1.741.600 biztanle (2006). Irlandako ipar-ekialdean dagoen antzinako Ulster herrialdearen sei eskualde hartzen ditu. Hiriburua: Belfast, Erresuma Batuko portu nagusietakoa. Nekazaritza da ekonomia jarduera nagusia, eta haren atzetik itsasontzigintza, janari industria eta ehun-oihalgintza.  v  XVII. mendean hasi zen Ipar Irlandaren historia gainerako Irlandarenaretik bereizten. Garai hartan britainiar agintariek, irlandarren matxinada baten ondoren, eskoziar eta ingeles jendea ezarri zuten Ulsterko lurrik gehienetan, eta horrek protestanteen nagusitasuna bideratu zuen, Irlandako gainerako lurraldeetan ez bezala. Banatzeko asmoak, hala ere, ez ziren piztu harik eta Ulsterko protestanteen artean Home Rule delakoaren lehen lege proposamenek (1886) katolikoen nagusitasunaren beldurra piztu zuten arte. Egoera ustelduz joan zen, eta Lehen Mundu Gerra sortu zenerako gerra zibila lehertzear zegoen. Irlandako orduko gobernua saiatu zen auzia konpontzen Irlandaren bi zatietako bakoitzarentzat modu berezian ezarriz Home Rule legea (1920). Irlanda bi partetan banatu zutenetik (1920), Iparraldeko katolikoek gutxiengoa osatu zuten, enplegua eta etxebizitza lortzeko eta politikan parte hartzeko eragozpenekin. 1968an Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua antolatu zuten, haien aurkako bereizkeria salatzeko. Horrek bortxakeria zekarren sarritan. Protestante moderatuek berrikuntzak egiteko beharra ikusten zuten, baina Alderdi Unionistako agintaritzako kontserbadoreenak berrikuntzen aurka agertzen ziren beti. 1969an Britainia Handiko gobernuak gudarostea bidali zuen Ipar Irlandara, bertako poliziari (Royal Ulster Constabulary, RUC) laguntzeko, eta bertan geratu ziren, britainiar agintaritza bermatzeko. Harrezkero IRA organizazio armatuaren ekintzen helburu nagusi bihurtu ziren. 1972an britainiarrek Ipar Irlandako Legebiltzarra deuseztatu zuten eta gobernu zuzena ezarri zuten. 1973an, katoliko askok boikot egin zuten erreferendum batean, Ipar Irlandako hautesleek Britainia Handiarekin bat eginda egotearen alde eta Irlandako Errepublikarekin elkartzearen aurka bozkatu zuten. Hurrengo urteetan bortxakeria handituz joan zen. Belfasteko bi emakumek –Mairead Corrigan eta Betty Williams– Bakearen Nobel saria jaso zuten 1976an, Ipar Irlandan aurrez aurre zeuden bi erkidegoak baketzeko egiten ari ziren ahaleginagatik. Ahaleginak, baina, huts egin zuen. Bien bitartean, Behin-Behineko IRAk (organizazioko talde erradikalena) indarkeriazko ekintzen bidez presioa egiten jarraitzen zuen, eta muturreko protestante batzuek zenbait talde armatu antolatu zituzten. 1979an, IRAk lord Mountbatten (Indiako azken erregeordea) hil zuen, eta egun berean, hemezortzi soldadu britainiar hil zituen segada batean. Aurrerago, 1981ean, IRAk beste taktika bat erabili zuen herritarren babesa jasotzeko: presoek gose grebari ekin zioten, eta horren ondorioz hiltzen zen kide bakoitzeko indarkeriazko ekintza sail bat egiten zuten. Bien bitartean, Ipar Irlandako bi erkidegoen bereizketak bere horretan irauten zuten, eta ez zen irtenbiderako zirrikiturik ikusten. 1985eko gobernu arteko konferentzia segurtasun, ekonomia, eta gizarte arazoetan elkar laguntza handitzeko eta behin betiko bakea lortzeko bidean aurrerapauso gisa ikusi zuten batzuek, baina unionista protestanteek eta irlandar abertzale batzuek gogor kritikatu zuten orduan izenpetu zen hitzarmena. 1990eko hamarraldiaren hasieran, Britainia Handiko gudarosteak Londonderry eta Belfasteko kaleetan jarraitzen zuen, eta IRAk britainiar zibilen eta militarren aurkako ekintzak egiten. ■ Bake bide oztopoz betea. 1994ko abuztuaren 31n, hogeita bost urtez borrokan aritu ondoren, IRAk baldintzarik gabe su-etena iragarri zuen, eta bake elkarrizketetan parte hartzeko borondatea erakutsi zuen. Hala ere, 1996ko otsailaren 9an, su-etena hautsi eta bonba bat leherrarazi zuen Londresen, britainiar gobernuari leporatuz su-etena hautsi izanaren erantzukizuna. Atentatu gehiago izan bazen ere, Britainia Handiko eta Irlandako Errepublikako Lehen Ministro John Major eta John Brutonek, bake prozesua aurrera eramateko borondateak bultzatuta, bake elkarrizketak hasi zituzten Stormonteko gazteluan, Belfastetik gertu, Ipar Irlandako alderdi politiko nagusiak bilduta. Sinn Fein taldeko ordezkariak ere bertan izan ziren, talde protestanteek IRAren atentatuak salatzen ez zituztenen ondoan ez zirela eseriko adierazi bazuten ere hasieran. 1997ko maiatzeko Britainia Handiko hauteskundeetan garaile izan ziren laboristen borondateari eta IRAk uztailaren 19an iragarri zuen su-etenari esker, bake elkarrizketek aurrera egin zuten. Negoziazioen aurka zeuden katoliko eta protestanteen atentatuek zituzten elkarrizketak etenarazi. Hala, Britainia Handiko Lehen Ministroa, Tony Blair, bi aldiz elkartu zen –1997ko abenduan eta 1998ko martxoan, Downing Streeten– Sinn Feineko ordezkariekin, 1997ko irailean alderdi honek helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzea arbuiatu zuenez geroztik. 1998ko apirilaren 10ean, Ipar Irlandako alderdi nagusiek eta Britainia Handiko eta Irlandako Errepublikako Lehen Ministroek bake hitzarmen bat izenpetu zuten, indarkeria behin betiko desagerrarazteko eta bake iraunkorra lortzeko borondate ukaezinaren erakusgarri. 2005eko ekainean IRAk armak utziko zituela eman zuen aditzera, eta handik hiru hilabetera nazioarteko batzorde batek armak uzte hori berretsi zuen. 2007ko maiatzean UVF talde paramilitar unionistak uko egin zion indarkeriari. 2007ko maiatzaren 8an, katolikoen eta protestanteen arteko gobernu bat osatu zen lehen aldiz.