Ipazter
Bizkaiko kostaldeko udalerria (Lea-Artibai eskualdea). Ispaster du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Ea eta Kantauri itsasoa, ekialdean, Lekeitio, mendebalean, Ea eta Ereño eta hegoaldean, Nabarniz, Gizaburuaga eta Amoroto. Garaiera, 110 m. 22,68 km2. 1997ko datuen arabera, 618 biztanle, ia denak euskaldunak (ipaztertarrak). Honako herrigune hauek hartzen ditu Ipazterreko udalerriak: Barainka, Kurtxia-Arropain, Gardata-Artika, Ipazter (herriburua), Larrinaga, Mendazoa, Solarte-Gallete eta Soloa. Euskara, bizkaiera; euskaldunak, % 97. Laborantza (artoa, patata, barazkiak, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (behi azienda) dira bertako ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira San Migel eliza (XVI-XVII. m.), Arana jauregia (Errenazimentu garaikoa), Zubieta jauregia, Churrigueratarren estilokoa, eta Iartza dorrearen hondakinak.