Interpol (International Criminal Police Organization)
Polizien arteko koordinaziorako nazioarteko erakundea. 1923. urtean sortu zen, munduko gobernu desberdinen mendeko polizia sailen arteko elkarlana bultzatzeko eta delituak eragozteko neurriak hartzeko. XX. mendearen bukaeran 176 herrialde kide zituen. ■ Historia. Herrialde bakoitzean diren polizia zerbitzuen arteko lankidetzarako erakunde gisa, XX. mendean zehar eta garraiobideen eta komunikazioen aurrerabidearen kariaz gazkile sareek izan duten zabalkundearen ondorioa da Interpol. Nekez eragotziko lirateke nazioarteko droga trafikoa, diru faltsutzea eta bahiketa mota batzuk bezalako delituak estatuen arteko lankidetzarik gabe. Polizien arteko lankidetza Polizia Kriminalaren Lehen Nazioarteko Biltzarrean hasi zen (Monako, 1914). Hamalau herrialdetako polizia ordezkari eta legelari bat etorri ziren krimenaren nazioarteko bulegoa sortzera eta estradizio prozedurak bateratzera. Lehen Mundu Gerra zela-eta, baina, bertan behera gelditu zen egitasmoa. 1923an egin zen Bigarren Biltzarra, Vienan, eta orduan gauzatu zen hemeretzi urte lehenago iragarritako erakundea: International Criminal Police Commission (Polizia Kriminalaren Nazioarteko Batzordea). Bigarren Mundu Gerra bitarteko funtzionamendua egokia izan zen. Orduan, baina, ez zegoen mundu osora zabalduta, Europara bakarrik baizik. Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, erakundearen nazioarteko kuartel nagusia Parisa aldatu zuten, eta 1956an, estatutuak berrikusi ondoren, egun duen izena hartu zuen erakundeak: International Criminal Police Organization, Interpol laburduraz ezagutzen dena. Hura izan zen erakundearen bizitza modernoaren hasiera. 1989an Interpol-en kuartel nagusia Lyon-eko (Frantzia) eraikin moderno batera aldatu zen. ■ Egitura eta funtzionamendua. Interpol ez dago inongo estaturen agintepean eta ez du ahalmen eragilerik. Herrialde desberdinetako polizia zerbitzuen arteko lankidetza zentral moduko bat da. Ez ditu, beraz, tokian tokiko polizia nazionalen operazioak gidatzen; herrialde bateko mugez kanpo zabaltzen diren delituak argitzeko laguntza tresna bat besterik ez da: hala, krimen bat herrialde desberdinetako polizia zerbitzuen artean argitu behar denean, zeregin hori behar bezala koordinatzeaz arduratzen da, polizia zerbitzu horien gainean inolako aginpiderik ez badu ere. Bere egiturak oinarrizko bi organo ditu: Biltzar Nagusia eta Batzorde Betearazlea. Idazkaritza Nagusi iraunkor bat ere badu, administrazio zereginetarako. ■ Biltzar Nagusia. Herrialde kideek izendatutako ordezkariek osatzen dute eta berak du Interpolen politika gidatuko duten irizpide orokorrak, aginpidea, nazioarteko lankidetzarako behar diren baliabideak, lan metodoak, finantzak, egitasmoak eta zuzendaritza karguen izendapena erabakitzeko gaitasuna eta ahalmena. Erabakiak gehiengo soiliez hartzen dira. Estatu kide bakoitzak boto bana emateko eskubidea dauka. ■ Batzorde Betearazlea. Hamahiru kide ditu, Biltzar Nagusiak herrialde kideen ordezkarien artean hautatuak. Horien artean, lau urtez behin, hiru lehendakariorde eta lehendakaria hautatzen dira, Batzordeko eta Biltzarreko bilerak gidatzeko. Urtean hiru aldiz elkartu ohi da, eta Biltzarrak hartutako erabakiak gauzatzeko, bilerak deitzeko, jardueren plangintza eta aurrekontua prestatzeko eta Idazkaritza Nagusiaren kudeaketa begiratzeko zereginak ditu, besteak beste. ■ Idazkaritza Nagusia. Interpolen ohiko lana bideratzen duen organo teniko eta administratiboa da. Biltzarrean eta Batzordean hartzen diren erabakiak betearaztea, nazioarteko krimenari aurre egiteko ekintzak gidatzea, delitu eta krimenei buruzko informazioa zentralizatzea, eta nazioko eta nazioarteko agintariekin harremanetan egotea dira bere zeregin nagusiak. Idazkaritzako burua Idazkari Nagusia da, Biltzarrak bost urtez behin izendatua. Organo nagusi horien azpian, lau sail espezializatu daude: Administrazio Orokorra, Inteligentzia Kriminala eta Koordinazioa, Lege Arazoak, eta Laguntza Teknikoa. Azpisail nagusi horiez gainera, Finantza Kontrolatzaile bat dago, aurrekontua behar bezala kudeatzeaz arduratzen dena, eta geografia eremu desberdinetan eragiten duten zenbait organo koordinatzaile.
- Intermon
- Internazional abestia
- internazional
- Internazional
- Internet
- Interpol (International Criminal Police Organization)
- interpolatu
- interpolatze
- interpolazio
- interpretatu, interpreta, interpretatzen
- interpretatzaile