Internet
Informatikako komunikazio protokolo jakin batean oinarritzen den ordenagailu sareak elkarrekin lotzen dituen sarea. Internet ordenagailu sareak TCP/IP (Transmission Control Protocol/Internet Protocol) delako protokoloa du oinarri; transmisio protokolo horrek sarera konektatzen den ordenagailu bakoitzari zenbaki jakin bat ematen dio, IP zenbakia izenekoa. 1983. urtean sortu zenetik laster hedatu eta zabaldu zen Internet mundu osora eta hainbat esparru desberdinetara. 1990eko hamarkadaren amaierarako Internet sareak milioika ordenagailu lotzen zituen mudu zabalean zehar. Internet sarearen hastapenean posta lektronikoa (electronic mail delakoa, e-mail ezizenez ezagun egin zena), artxibo transferentzia (file transfer protocol delakoaren ftp laburduraz ezagutzen dena), albiste taldeak (newsgroups), eta urrutitik ordenagailuekin lan egiteko sistema (telnet sistema) erabiltzen ziren. 1990eko hamarkadaren erdialdera baina, World Wide Web delakoa bilakatu zen Internet sarearen osagai nagusia: sarearen egoitza desberdinen artean nabigatzeko interfaze grafiko erraz eta intutitibo batean oinarrituriko sistema. World Wide Web sistemaren oinarriak dira HTTP protokoloa deritzana (HyperText Transfer Protocol) eta hipertestu hizkera (Hypertext Markup Language, HTML laburduraz ezagutzen dena). ■ Internetek Estatu Batuetako Defentsa Departamentuaren ARPANET (Advanced Research Projects Agency Network) programan du jatorria. 1969. urtean sortu zen programa hori, eta defentsa arloko ikerkuntzarekin zerikusia zuten erakundeek beren arteko komunikazio sare seguru eta iraunkorra bermatzea zuen helburua (programa horren jatorrizko xedea, gerra nuklearra izango balitz, edonola ere, komunikazioa etengabe bermatzea zen). Beste alor batzuetako ikertzaileak eta akademikoak sarea erabiltzen hasi ziren. Hala, National Science Foundation (NSF) erakundeak NSFNet izeneko antzeko sare bat sortu zuen, ARPANET sarearen TCP/IP teknologia erabiltzen zuena, eta bere baitan askoz ere trafiko handiagoa har zezakeen ordenagailu sareen sarea sortu zuen. Horrenbestez, NSF erakundea bilakatu zen Internet sarearen bizkarrezurra, harik eta Merit Network Inc. erakundeak sarearen administrazioa eta hura eguneratzeko ardura hartu zuen arte. Erakunde horiez gainera, aipagarriak dira halaber Interneten protokoloen garapenaz arduratzen den Internet Architecture Board eta ordenagailu eta sareen izendatzeaz arduratzen den InterNIC (Internet Network Information Center) erakundea. Egun, aipaturiko erakunde horiek eta beste batzuek ere sarean etengabe haziz doan trafikoa antolatzeko helburua duten erakundeak badiren arren, Internet sareak ez du inolako aginte zentral ez hierarkiarik.